Kultur jarduera ugarirekin beteko dira Hernaniko kaleak larunbat honetan

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 7a, 00:00

Hernaniko Udalak, herriko zenbait kultur eragilerekin elkarlanean, sei jarduera prestatu ditu larunbat honetarako. Egitarauarekin herrian «beste eredu bateko aisialdia» badagoela erakutsi nahi dute.

Jendetza elkartzen da Hernaniko Kaxkoan sagardotegi denboraldiko larunbat eguerdi eta arratsaldeetan. Horren aurrean, zenbait neurri hartzen ari da Hernaniko Udala, eta iaz egin zuten modura, aurtengoan ere kultur eskaintza haunditzearen aldeko apustua egin du.

«Txotx denboraldiko larunbatetan herritik kanporatuak sentitzen dira hernaniar asko eta gisa honetako kultur ekitaldiek herritarrok espazio publikoa berreskuratzea ahalbidetzen dute», azaldu du Udalak.

Guztira, sei kultur jarduera izango dira larunbatean, adin guztietako herritarrek gozatzeko modukoak. Udalak herriko zenbait kultur eragileekin elkarlanean osatu du programa. Lanketa horren parte izan dira San Joan Konpartsa, Hernaniko Musika Banda, Kantuz abesbatza eta Kalez Kale Kantari ekimena.

Bertakoen gozamena bilatzeaz gain, kanpokoei ere mezu argia bidali nahi diete Udalak eta eragileek: «Kanpotik datozenek Hernanin beste eredu bateko aisialdia badagoela erakutsi nahi diegu, Hernaniko bertako herritarrek eta eragileek herri eskaintza interesgarria sorten dutela eta haietaz gozatzeko gogoa dutela».

Eguerdiko 12:00etan hasiko dira jarduerak.

APIRILAK 12

12:00 Kalez kale Kantari, Plaza Berritik hasita.

12:00 Haur antzerkia: 'Olaiaren lorategia'. Biteri kultur etxean.

12:15 Ortzadar dantza taldearen kalejira eta 'Gamazada' ikuskizuna. Kaxkoan

18:00 San Joan Konpartsarekin erromeria. Tilosetan.

18:30 Hernaniko Musika Bandaren Udaberriko kontzertua. Udaletxeko arkupeetan.

20:00 Kantuz abesbatzaren eliz musika kontzertua. San Joan Batailatzailearen elizan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!