Amaierara iristear da Bota Bertsoa! lehiaketaren 11. edizioa. Ostiralean izango da sari banaketa ekitaldia, arratsaldeko 18:30etan hasita, Biteriko plazan.
Aurtengoan ere hiru hilabete izan dituzte parte hartzaileek bailarako sagardotegietan Doberak jarritako kutxetan bertsoa sartzeko. 'Hau bai zirkua!' gaiari erantzun behar izan diote, eta ikusteko dago nolako irtenaldiak bururatu zaizkien bertsolariei.
Paulo Txikiya bertso eskolako kideen ardura izango da bertso sarituak hautatzea, eta askotariko bertsoek jasoko dute garaikurra.
Sari banaketa ekitaldian ere ez da bertsorik faltako; izan ere, saridunen bertsoak kantatzeaz gain, librean arituko dira Libe Goenaga eta Andoni Rekondo bertsolariak.
Eguraldi txarra egiten badu, Atsegindegira lekualdatuko dute saioa.