Cisnerosen aurka jokatuko du gaur eguerdian Hernanik, zaleen bultzadarekin

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 6a, 00:00

Aurreko asteburuko ahozapore txarra kendu nahi du Hernanik.

13:00etan hasiko da partidua, Landaren. Partidu garrantzitsua da Hernanirentzat lehenengo lau postuetan sartu ahal izateko.

Partidu garrantzitsua jokatuko du gaur eguerdian, 13:00etan hasita, Hernaniko Ohorezko B mailako taldeak. Cisnerosen aurka arituko da Hernani, Elite faseko seigarren jardunaldian. Aurreko astean Gernikan jasotako porrot mingarriari buelta eman nahi diote trikoloreek, eta horretarako ezinbestekoa izango da zaleen bultzada.

Min hartutako eta zigortutako zenbait jokalari dauden arren, garaipena lortzeko asmoz zelairatuko da Hernani. Oraingoz, bi garaipen eta bi porrot jaso ditu taldeak, eta sailkapeneko bosgarren postuan dago; igoera jokatzeko play offetatik postu bakarrera, alegia.

Oso bestelakoa da Cisneros taldearen egoera. Madrildarrek jokatutako lau partiduetan garaipen bakarra eskuratu dute. Hori bai, azken jardunaldian lortu zuten garaipena, eta konfiantza puntu batekin iritsiko dira Landarera.

Jon Ander Zapiain kapitainak argi adierazi zuen taldearen asmoa: «Haiek konfiantzarekin etorriko dira. Gu, aldiz, sufritzetik gatoz, pare bat lesio eta santzio bat ekarri genituen Gernikatik, baina ondo ari gara lanean. Partidua aurrera ateratzea da asmoa, eta benetan espero dut Landare betetzea. Denarekin aterako gara gu, garaipenaren bila».

Elite fasea amaitzeko lau partidu besterik ez zaizkio geratzen Hernaniri: etxean jokatuko ditu Cisnerosen eta Liceo Francesen aurkakoak, eta etxetik kanpo arituko da Valenciaren eta Sant Cugaten kontra.

Top 4ean sartzeko emaitza onak lortu beharko ditu geratzen diren jardunaldietan, eta horretarako ezinbestekoa da etxean jokatutako bi partiduak irabaztea.

Azeri Zaharrak, sagardotegira

Gaur amaituko da Beteranoen Nazioarteko II. errugbi topaketa. 180 jokalari baino gehiago elkartu ziren atzoko egunez Landaren, eta festa giroko plana prestatu dute gaurko. Eguerdiko partiduaren ondoren, sagardotegira joango dira guztiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!