Udaberriko kontzertua eskainiko du Musika Bandak, gaur zortzi

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 5a, 00:00

Udaletxeko arkupetan izango da arratsaldeko 18:30etan. 

 

Hernaniko Musika Bandak, gaur zortzi, datorren apirilaren 12an, udaberriko kontzertua eskainiko du, 18:30etan, udaletxeko arkupetan. 

Kontzertuaren programa honako hau izango da: Montana Fanfare (Thomas Doss): Fanfarre indartsu honek Alpeetako mendi garaien haunditasuna irudikatzen du, soinu sendo eta dramatikoekin; Hunting Wabbits (Gordon Goodwin): Umorerik eta dinamismorik ez zaio falta obra; honi, nahiz eta, aldi berean, teknika haundia eskatu. Bandako hainbat bakarlarik beren talentua erakutsiko dute. A Mother of a Revolution! (Omar Thomas): Pieza honek aldarrikapen soziala du oinarri. New Yorkeko Stonewall istiluen berrogeita hamargarren urteurrena gogorarazten du eta Marsha P. Johnson LGBT aktibistari omenaldia egiten dio, musika indartsu eta emozional baten bitartez. Malagueña (Ernesto Lecuona): Espainiako hegoaldeko musikaren esentzia jasotzen duen obra ezaguna da. Lecuona kubatar konpositoreak 1933an idatzi zuen Suite
Andalucía obrarako, eta denborarekin, mundu osoko bandek beren errepertorioan sartu dute;
Kaleidoscope Eyes (Katahj Copley): Egitura garaikidea eta erritmo biziak ditu pieza honek. Musika minimalistaren ukituak nabariak dira, eta doinuak kaleidoskopio baten kolore aldakorrak bezala etengabe aldatzen doaz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!