Bi domina lortu ditu Txomin Mujikak EuskoApnea txapelketan, eta Espainiako Txapelketara sailkatu da

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 5a, 00:00

Emaitza oso onak lortu zituen apnealari hernaniarrak Gasteizko Mendizorrotza igerilekuan. Aletarik gabeko proba dinamikoan Euskadiko errekorra erdietsi zuen, 162,2 metro osatuta.

Emaitza bikainak lortu ditu Txomin Mujika hernaniarrak Gasteizko Mendizorrotza igerilekuan jokatutako EuskoApnea txapelketan. Bi urte besterik ez daramatza Mujikak kirol honetan, eta dagoeneko dominak lortzeko gai da, Euskadiko errekorra tarteko.

Hiru probatan hartu zuen parte hernaniarrak, eta horietatik bitan sartu da podiumean. Proba estatikoan bigarren postua eskuratu zuen, ur azpian 6 minutu eta 47 segundu aguantatuta.

Aletarik gabeko proba dinamikoan ere bigarren postuan amaitu zuen Mujikak, lehenengo postutik 2 metro exkaxera. Bertan, 162,2 metro osatzea lortu zuen, Euskadiko errekorra.

Azkenik, aletekin egindako proba dinamikoan, 125 metro osatzea lortu zuen Mujikak. Kasu honetan ez zuen podiumeko posturik lortu, eta berak aitortu du gehien kostatzen zaion disziplina dela: «Aletekin lan egitea asko kostatzen zait oraindik, asko dut hobetzeko alor horretan».

Lortutako emaitza onen ondorioz, Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera izango du. Gasteizko Mendizorrotza igerilekuan izango dira proba horiek ere, apirilaren 26 eta 27an.

STA, estatikoa: 6 minutu eta 47 segundu. Bigarren postua.

DNF, dinamikoa aletarik gabe: 162,2 metro, bigarren postua eta Euskadiko errekorra.

DBF, dinamikoa aletekin: 125 metro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!