Partidu garrantzitsua jokatuko du bihar Hernaniko Ohorezko B mailako taldeak. Cisnerosen bisita jasoko du Landaren, 13:00etan hasita, eta zaleen bultzada ezinbestekoa izango da garaipena lortzeko. Aurreko asteburuan Gernikan jasotako porrotari buelta eman nahi dio taldeak.
Jon Ander Zapiain kapitainak argi du Landare betetzea erabakigarria izango dela: «Jendea jaistea oso garrantzitsua izango da, hasieratik behar dugu konfiantza. Gernikan ikusi genuen moralki ahul gabiltzala, galtzen hastean kosta egiten zaigula buelta ematea, eta horregatik da ezinbestekoa Landare betetzea».
Cisneros garaipena eskuratzetik dator, eta bolada onari eusteko gogoz iritsiko dira Hernanira. Zapik, hala ere, garaipenaren bila aterako direla ziurtatu du: «Konfiantzarekin etorriko dira, irabaztetik. Gu, aldiz, sufritzetik gatoz, pare bat lesio eta santzio bat ekarri genituen Gernikatik, baina ondo ari gara lanean. Partidua aurrera ateratzea da asmoa, eta benetan espero dut Landare betetzea. Denarekin aterako gara gu, garaipenaren bila».
Lau partidu besterik ez dira geratzen Elite fasea amaitzeko, eta lehenengo lauen artean sailkatzea da Hernaniren helburua. Eskura du, bosgarren baitago sailkapenean, baina horretarako etxeko partiduak bai ala bai irabazi behar ditu.
Top 4 horretan sartzea lortuko balu, igoera lortzeko play offak jokatuko lituzke Hernanik.
Azeri Zaharren topaketako egun haundia, gaur
Goizeko 11:00etan hasiko dira gaur Beteranoen Nazioarteko II. Topaketako partiduak. Zazpi taldetako 180 jokalaritik gora arituko dira landaren, eta denek jasoko dute garaikurra partiduak amaitzen direnean. Iluntzean hirugarren denbora egingo dute, jaialdia amaitzeko ospakizunarekin.
Topaketetako egitaraua borobiltzeko, Hernaniren eta Cisnerosen arteko partidura gonbidatuko dituzte beterano guztiak, eta ondoren sagardotegi batean bazkalduko dute denek elkarrekin.
Giro ona ziurtatuta egongo da topaketak irauten duen bitartean.