Hernani Errotzenek bi hitzaldi antolatu ditu datorren asterako. Lehenengoa apirilaren 8an, asteartean, izango da Biterin, 19:00etatik aurrera; eta Argitu, ez suntsitu plataformako Josetxo Mendia nekazari eta historialariak eskainiko du.
Hitzaldi horretan, Mendiak dioenez, «Arabako Langraitz udalerrian aurkitzen den Iruña-Veleiako aztarnategiaren historia ezagutuko dugu. Burni aroan zehar, Karistiarrak bizi izan ziren 45 hektarea baino gehiago zituen hirian. Hauek menderatu ondoren, erromatarrek 125 hektareako hiria eraiki zuten, honen gainbehera goi erdi aroan ematen delarik».
Aztarnategi honetan topatutako aparteko hainbat grafitoz arituko da Mendia. «Hauen harira eginiko epaiketa azalduko dugu, eta benetakoak ala faltsuak diren argitzeko, ze irtenbide zientifiko proposatzen ditugun emango dugu aditzera».
Azkenik, agerian utziko dute «eskabadora erabiliz, aspaldidanik egiten ari diren suntsiketa. Horretarako, txikitutako hainbat gune arkeologikoren argazkiak erakutsiko ditugu».
«Hondeamakinak sistematikoki ari dira erabiltzen»
Argitu, ez suntsitu plataforma osatzen duten hiru elkarteak «oso oso kezkatuta» daude Lurmen enpresa Iruña-Veleiatik kaleratu zutenetik. «Batez ere, azken bi urte hauetan hondeamakina sistematikoki erabiltzen ari direlako indusketan; eremu arkeologiko oso aberatsak suntsitzeko modu programatuan, gainera: gaur harresi ondoko eremua, bihar alboko atea, etzi San Juan Komentua, etzidamu ez dakigu…».
Arabako Foru Aldundiak kudeatzen duen eta Eusko Jaurlaritzaren jabetzapean dagoen eremu honetan, Mendiak dio «lau metroraino» sartu dutela hondeamakina, «inolako gupidarik gabe. Arroketaraino, eta bitarteko estratu guztiak eraitsiz Iruña-Veleiako alboko ate batean. Ez da arkeologoa izan behar jakiteko indusketa batean eskabadora 50 zentimetro lur kentzeko erabil daitekeela, baina gehiagorik ez», aipatu du Mendiak.
Historialariak gaineratu du, ez dagoela arkeologoa izan beharrik, halaber, «jakiteko grafitoak datatu gabe ezin dela esan faltsuak direnik, Arabako Aldundia egiten ari den bezala. Horregatik, gogoratu nahi dugu Eliseo Gilek 2007an, orain dela 18 urte, eskatu zuela 50 grafito datatzea, baina egin gabe jarraitzen dutela. 18 urte zientziari atea ixten».
Iruña-Veleia ukatzeko arrazoietako bat «euskalduntze berantiarraren teoria» omen da da. «Baina ez dute irabaziko. Iruña-Veleia ukatzeko arrazoietako bat euskalduntze berantiarraren teoria da. Hemen erromatar garaian zeltaz eta ez euskeraz egiten zela dioen teoria hori, egunez egun pikutara doa: Irulegiko Eskua, Lantzeko hitza… Izan ere, gezurrak bide laburra dauka», adierazi du Mendiak.