Itziar Gurmendik kontzertua eskainiko du asteazkenean Atxurren

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 3a, 00:00

19:00etan hasiko da kontzertua 'Ametsen bidean, oraindik martxan' izenburuarekin. Kantu hautaketa anitza dakarki bere errepertorioan.

Datorren apirilaren 9an, asteazkenean, arratsaldeko 19:00etan Atxur Tabernan, Itziar Gurmendik musika saio berezia eskainiko du. 78 urteko kantaria da Itziar Gurmendi, 60. hamarkadan Biurriak taldean aritu zen bere ahizpa Arantxarekin. Biurriak, 60ko hamarkadan, munduko pop-rock kanta ezagunak euskaraz kantatzen zituen talde donostiarra izan zen. Hasieran, Biurriak Ez dok Amairu proiektuaren barruan aritu zen eta, gero, bere kontura ibili zen. Orain Gurmendik, eta 60 urte geroago, kantuaren zaletasuna mantentzen duelarik kontzertu hau prestatu eta eskaini nahi du Ametsen bidean, oraindik martxan izenburuarekin. 

Kantu hautaketa anitza dakarki bere errepertorioan, urte hauetan berarekin mantendu diren izen eta oroitzapenak: Beatles, Rolling Stones, Les Surfs... beti ere atzerriko kantu orijinalak euskarara ekarriaz.

Gaur egun Hernani Musika Eskola Publikoan dabil Itziar Gurmendi, bertako kantu modernoa eta herrikoia lantzen. Bertako irakaslea den Joxan Goikoetxeak lagunduko dio teklatuarekin Atxur Tabernan eskainiko duten errezitalean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!