Berria Txapelketako finala eta hiru biren aurka, jaialdi erakargarrian

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 29a, 00:00

Barrenetxea Urrizarekin batera arituko da gaur, aspaldiko partez.

Punta puntako jaialdia izango da Galarretan, 15:15etatik aurrera. Finala izango da lehenengo partidua.

 

Punta puntako erremonte jaialdiaz gozatzeko aukera izango da gaur arratsaldean Galarretan. 15:15etan hasita, hiru partidu erakargarri jokatuko dituzte, tartean Berria Txapelketako final haundia. 

Finalean Goikoetxea V eta Goikoetxea VI arituko dira Gurrutxagaren eta Eskuderoren aurka. Ibilbide ederra eginda iritsi dira bi bikoteak final haundira, eta markagailua estu joatea da gaurko aurreikuspena. Saketik asmatzen duenak aukera asko izango ditu garaipena lortu eta txapela janzteko.

Baina gaurko jaialdiaren erakargarritasuna ez da finalera bakarrik mugatzen. Izan ere, beste zenbaitetan egin den modura, 3vs2 formatuko partidua jokatuko dute. Urriza eta Barrenetxea IV.ak Aldabek, Segurolak eta Azpirozek osatutako hirukoteari egin beharko diote aurre. Hasiera batean taldekide kopuruak abantaila dirudien arren, asko aldatzen da kantxan mugitzeko modua, eta ikusteko dago ea hiru erremontistak nola moldatzen diren talde lanean. 

Jaialdia punta puntako hirugarren partidu batekin amaituko da. Ansa II.a eta Apezetxea goizuetarra Jabaleraren eta Juanenearen aurka arituko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!