Hernani Burujabeko Etxegura elkartetik (etxebizitza sektorekoa) Jabe Solidarioen Sarea osatzeko lehen pausoak ematen hasi da aurten: galdetegia zabaldu zuten, Hernaniko alokairuko etxebizitzen errealitatera hurbiltzeko asmoz, eta horien bidez identifikatu dituzte etxebizitza Jabe Solidarioen Sarearen parte izateko prest dauden zenbait herritar.
Lehen bilera egin zuten dagoeneko, eta itun sozial bat osatzeko lanetan ari dira, non konpromisoak zehaztuko diren bai jabeen aldetik baita Etxeguratik ere. Itun sozialaren helburua da gidalerroa izatea espekulazioari espazioak irabazten hasteko.
Bigarren bilera apirilaren 1ean, asteartean, izango da 18:30etan Burujabetzen etxean, eta jabe berriei ere irekita egongo da.
Elkarteekin bilerak, etzi hasiko dira
Bestetik, Hernani Burujabeko kideak auzo batzarrak bukatu ondoren, berriz, elkarteekin biltzeko asmoa daukate, elkarlana sustatzeko asmoz. Lau deialdi egingo dituzte, arloka banatuta; eta Burujabetzen Etxean egingo dituzte saio guztiak.
Etzi astelehenean, kirol elkarteekin bilduko dira, arratsaldeko 18:30etan. Apirilaren 3an, berriz, eragile politiko, sindikal eta euskalgintzakoekin elkartuko dira, 18:30etan. Apirilaren 7an izango da hirugarrena, kultur eta aisialdi elkarteekin, 18:30etan. Eta bukatzeko, apirilaren 10ean ikastetxe eta guraso elkarteekin bilduko dira, hori ere 18:30etan.
Pasa den asteko ostegunean amaitu ziren auzotarrekin bilerak eta antolatzaileak gustora amaitu dute dinamikarekin. Elkarteekin lanketa amaituta balorazioa egingo da orain arteko emaitzekin.