Kultur ekipamendua lantzeko sortu da batzorde berezia

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 28a, 00:00

Kultur ekipamendu berria Urumea ikastola zenaren eremuan eraikitzeko, Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala onartu da.

 

«Hernanik behar duen kultur ekipamendu berritik pixka bat hurbilago gaude»: Xabier Lertxundi alkatearen hitzak dira. Urumea ikastolaren eremua izandakoan kultur ekipamendua eraiki ahal izateko urratsa eman zuen atzo Hernaniko Udalak. Hori ahalbidetzeko Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala onartu zuen udalbatzarrak. Orain, 45 egunez jendaurrean egongo da erabakia.

Arau Subsidiarioetan, Urbie­ta kaleko eremu bat zegoen jasota kultur ekipamendua kokatzeko. Urumea ikastolako ere­mu­an, be­rriz, etxebizitzak au­rre­i­kusten ziren. Egindako alda­ketare­kin, eremu horietako auke­rak trukatuko dira.

 

Espazio publiko hobeak herritarrentzat

Aitor Huizi Kultura zinegotziaren arabera, «kultur ekipamendu bat herriaren erdigunean kokatzeak asko esaten du herriak kulturarekiko duen idiosinkrasiari buruz, zentralitatea ematen baitio kulturgintzari».

Ainara Atorrasagasti Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, «kultur ekipamenduaren kokapen berriak aukera emango du Ezkiaga pasealekuarekin batzeko, herritarrentzako espazio publikoa hobetuz». Gainera, kultur ekipamenduaren azpian lurpeko aparkalekua eraikitzea ere aurreikusten da. Bestetik, egindako aldaketarekin, Urbieta kalean etxebizitzen eraikigarritasuna ere handituko da. Tartean, babes ofizialeko etxebizitzak eraikiko dira.

Huizi Kultura zinegotziaren arabera, «kokapen aldaketak gunea biziberritzeko ere balioko du, baita sinergia berriak lortzeko ere: merkataritza, Musika Eskola... hurbil baitaude».

 

Gaia lantzeko batzorde berezia

Kultur ekipamendu berria «herritar gehienek beharrezko» ikusten dutela aldarrikatu du Xabier Lertxundi alkateak. «Kultura arloan oso herri bizia da Hernani, eragile asko ditugu».

Azken harmarkadetan Hernanin eraikiko den «azpiegitura handienetakoa eta inbertsioa handiena» izango da kultur ekipamendu berria. Horregatik, udal barruan Batzorde politiko berezi bat sortuko da, «gaia dagokion patxadaz lantzeko».

Atzoko udalbatzarrak gai hau lantzeko Batzorde politikoa sortzea ere onartu zuen eta lehenengo bilera datorren ostegunean bertan egingo du. Udalean talde politikoek duten
ordezkaritzaren arabera osatuta egongo da batzorde hori: EHBilduko Gobernu Taldeak bost kide, EAJk bi kide eta, PSE-EEk eta Elkarrekin-Podemosek, bana.

 

Ideia lehiaketa profesionala

2023ko proposamena izan da kultur ekipamenduaren kokapen-aldaketa. Udal berria osatzean, proposamen hori aurrera eramaten hasi zen. Prozesua bere erritmoan aurrera doa. Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala egin ahal izateko lanak egin dira orain arte eta, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari beharrezko txostenak ere eskatu zaizkie dagoeneko.

Udalaren asmoa kultur ekipamendu berrirako ideia lehiaketa profesionala egitea da. «Horretarako, aurretik definitu behar dugu nolako ekipamendua behar den». Lanketa hori Kultura sailarekin eta Milagrosako eragileeekin elkarlanean egin da, «beharrak eta etorkizuneko proiekzioa kontuan hartuz».
Ideia lehiaketarako zirriborroa prestatu dute udal teknikariek, eta Batzordearen lehenengo egitekoa zirriborro hori lantzea izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!