«Mugarri garrantzitsua, Hernanin ez ezik, beste herrietan ere jarraitu ahal izango den bidea». Halaxe definitu zuen Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak Hernaniko Udalak eta Enherkom energia komunitateak sinatu berri duten lankidetza hitzarmena. Hernanin egin zuten agerraldia, eta bertan izan ziren Xabier Lertxundi alkatea, Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotzia, Santi Ochoa de Eribe eta Alazne Arruti, Goienerreko kideak eta Iñaki Marko eta Ane Remiro Enherkomeko lehendakari eta lehendakariordeak.
Funtsean, Udalak bere titulartasuneko eraikinen estalkiak erabiltzeko kontzesio bat eman dio Enherkom energia komunitateari, 25 urtez eguzki instalazioak ezartzeko eta kudeatzeko. Xabier Lertxundik garrantzi haundia eman zion hitzarmenari, eta irabazi asmorik gabeko Hernaniko energia komunitate batekin egiteari. Izan ere, gogoratu zuen Udalak erabiliko duela instalazio horietan erabiliko den energia, baina soberakinak herritarrei emango zaizkiela. «Justizia soziala ere egiten ari gara hitzarmen honekin», adierazi du.
Legediak eskatzen duena betetzeko modu bat da hitzarmena -2030erako Udalak bere energia kontsumoaren %32a bermatu behar du hurbileko instalazio berriztagarrien bidez.
Energia autokontsumo maila horretara iristeko -gaur egun %11koa da, eta, beraz, legeak ezarritako helburua iristeko hirukoiztu egin beharko litzateke- biderik egokiena zein den azaltzeko lan bat eskatu zion udalak Goienerri duela hilabete batzuk.
Goienerrek azterketa ekonomiko bat egin zuen, herriko 13 udal kokalekutan plakak jartzea aurreikusita. Hori egiteko modu ezberdinak aztertu zituen, eta ondorioztatu zuen aukerarik onuragarriena lankidetza publiko-komunitarioa litzatekeela. Hori udal teknikariekin eta udaleko kontu hartzailearekin kontrastatu eta «sakontasun eta zorroztasun» haundiko lan bat izan dela gogorarazi zuen Santi Ochoa de Eribe Goienerreko bozeramaileak. Ziurtatu zuen Hernanin sinatu berri dena, «lankidetza publiko-komunitarioan oinarritutako eredu hori, mugarri bat dela beste herrietarako ere».
25 urterako kontzesioa
Ainara Atorrasagastik aipatu zituen zein diren hitzartutakoaren eduki nagusiak. Batetik, itunaren bidez, Udalak bere titulartasuneko eraikinen estalkiak erabiltzeko kontzesio bat ematen dio Enherkom energia komunitateari, eguzki instalazioak ezartzeko, mantentzeko eta ustiatzeko. Energia komunitateak bi fasetan jarriko ditu martxan instalazio fotovoltaikoak, 2025 eta 2027tik aurrera. Guztira 13 teilatutan jarriko dituzte plakak, eta, modu eraginkor batean ustiatu ahal izango da hor sortuko den energia: udalak kontsumituko du sortzen denaren %80a, baina herritarrei emango zaie gainontzeko guztia, eta hori Enherkomen kudeaketari esker egin ahal izango dela ziurtatu zuen Atorrasagastik. Bestela, soberakin hori galdu egingo baitzen.
Iñaki Marko Enherkomeko presidenteak adierazi zuen akordioak abantaila aipagarriak dituela kooperatibarentzat. Udalari zerbitzu bat emateaz gain, sortutako energia-gaitasuna haunditzea ahalbidetzen du, eta horren zati bat, udalaz gain, gainerako bazkideen artean banatuko dela, gogoraraziz edozein pertsonak, familia, negozio edo enpresak erraz lor dezakeela izaera hori. «Enherkomek 3 instalazio ditu amaituta edo abian, eta 300 bazkide inguru. Hitzarmen honi esker, jauzi kuantitatibo eta kualitatibo bat egin ahal izango dugu, bazkide kopuru haundiagoa hartzeko dugun gaitasuna handituz. Horren bidez, autokontsumo kolektiboa eta partekatua sustatzea da helburua, Hernanin energia trantsizioa bideratu eta herritarren parte hartzea bultzatuz».
Udalak 25 urterako kontzesio bat eman dio Enherkomi plakak ustiatzeko, eta 75 urterako luzagarria izan daiteke. Bestetik, herritarren parte hartzea sustatzeko informazio kanpainak egitea hartu du bere gain udalak, eta, azkenik, urtero ekarpen ekonomiko bat egitea Enherkomi: 3,24 milioi euro 2049. urtera arte.
Bestalde, Enherkomek ere hainbat betebehar jaso ditu bere gain itunaren bidez: instalazio fotovoltaikoen inbertsioa eta mantentzea bere gain hartzea; energia berriztagarrien
komunitateari eta herritarrei sarbidea bermatzea; sortutako energiaren %80a udalaren autokontsumorako uztea, eta gainerakoa komunitate energetikorako erabiltzea; eta udalaren aurrean urtero txosten bat aurkeztea.
Jarraipen eta kontrol mekanismoak
Hitzarmena behar den bezala funtzionatzen ari dela eta bere helburuak betetzen ari dela ziurtatzeko, jarraipen eta kontrol mekanismoak ere ezarri dituzte hitzarmen honen bidez: alde batetik, jarraipen batzorde bat sortuko da, eta bertan udaleko eta Enherkomeko ordezkariek parte hartuko dute; bestetik, udalak ikuskaritza ahalmena izango du emakidaren erabilera egokia dela bermatzeko; azkenik, udalak emakida berreskuratzeko aukera izango du, interes publikoko arrazoiengatik. Pasa den astearteko osoko bilkuran babes zabala eman zitzaion itunari. EH Bilduk, EAJk eta Podemosek aldeko botoa eman zuten; PSE-EE abstenitu egin zen.