Herritar eta bizilagun ezberdinen bisitarekin batera hasi zen asteartean martxoko plenoa. Gai-zerrenda 10 puntuk osatu zuten, eta tartean izan ziren aldaketa nabarmenak ekarriko dituzten zenbait punturen onarpena.
Otsailean egindako akta onartuta eta aurreko plenotik hona eman dituzten dekretuen zerrenda aipatuta, hirugarren puntuari heldu zioten segituan. Finantza eta aurrekontuen arloko informazioa eta 2024ko likidazioaren inguruko oharraz aritu ziren. 2024ko kontu guztiak itxita likidazioa positiboa izan dela azaldu zuen Xabier Lertxundik. Hernaniko udalak 4.480.000 euroko likidazio positiboa izan du eta Ereñotzuk 323.000 eurokoa.
Laugarren puntuan, aho batez onartu zuten Auto-Taxien zerbitzuko tarifen igoera. Iaz sartu zen Hernaniko taxien zerbitzua Donostialdeko zonalde bereziko eremuan, eta orain, guztira 11 udalerri daude bateratuta. Iaz ez zen igoerarik aplikatu tarifetan, baina aurten, ordea, tarifaren igoera aplikatu nahi dute. 11 herriek aplikatuko dute igoera hau, zehazki, %5,02koa izango dena.
Hurrengo puntua aurtengo lanpostu-zerrenda eta aurrekontu-plantilaren aldaketa onartzea izan zen. Lanpostu zerrendan zuzenketa batzuk egin behar zirela azaldu zuen Lertxundik, eta bestetik, Euskal Sozialista udal taldeari dagokion liberazio zatia aholkulari batek izatea. Figura berri bat litzake udaletxean, beraz, lanpostuen zerrendan sartu behar dute. Hau ere, aho batez onartu zen.
Datozen hirigintza plan esanguratsuak
Seigarren puntua HS.03 eremuko hitzarmena onartzea izan zen. HS.03 eremua Kaxkoa eta Portu eta Elizatxo auzoak lotzen dituen eremua litzake. Ainara Atorrasagasti hirigintza delegatuak hartu zuen hitza puntu honetan: «Herritarren mugikortasuna hobetzeko neurria da, izan ere, bizilagun askok auzo horietatik herrigunera iristeko zailtasunak dituzte, eta horregatik, igogailu baten lanketa egiten gabiltza». Igogailua egiteko hitzarmena sinatu du Udalak eremu horretako lurjabe nagusiarekin, eta bi aldeek adostu dute Udalak igogailua jartzeko behar duen lur zatia eskuratzea. Bestalde, inguruan urbanizazio berri bat egingo denez, beraiekin ere lanketa bateratu bat egingo dutela azaldu zuten. Gauzak horrela, Udalak lur-eremu batzuk jasoko ditu doan ekipamentuetarako, baita babestutako 10 etxebizitza garapen urbanistikoan. Aho batez onartuta, herritarrek ere hartu zuten hitza puntu honetan, eta esker hitzak adierazi zituzten igogailuaren proiektua aurrera eramateagatik, «bizilagun askok arazoak dituzte Kaxkora igotzeko, eta duela 20 urtetik ari ginen erraztasunak eskatzen, beraz, oso pozik eta eskertuta gaude».
Hurrengo puntua ere, hirigintzaren ingurukoa izan zen, zehazki, arau subsidiarioaren 3. aldaketa puntualari hasierako onarpena ematea. Hau da, kulturgune berria lehen Urumean Ikastola zaharra zegoen eremuan kokatzeko egin beharreko tramitea. Elkarrekin Podemosek eta EH bilduk aldeko botoa eman bazioten ere, Euskal sozialistak eta EAJ udal taldeek abstentzioa bozkatu zuten mugikortasunari dagokionez planteamenduak arazoak sortu ditzazkelako. Hala ere, onartu egin zen proposamena.
Udal Gobernu taldetik Kulturgunearen gaia landuko duen batzorde berezi bat sortzeko proposamena ere luzatu zuten. Lertxundiren hitzetan, «Hernaniko Udalak azken hamarkadetan egindako azpiegiturarik haundienetarikoa izango da eta inbertsio publiko handiena suposatuko duena ere bai».
«Hernaniko Udala mugarri bat ezartzen ari da, eredu izaten ari gara»
Bederatzigarren puntuan, Enherkomekin hitzarmena onartu zuten, aldeko hiru botorekin. Hitzarmenaren arabera, Udal eraikinetan plaka fotovoltaikoak jarriko dira autokontsumorako eta soberakinak Enherkomen bidez herritarren artean «modu justuan» banatuko dira. PSE-EE abstenitu egin da: «Ados gaude autokontsumoarekin, baina ez zaigu kooperatiben eredua gustatzen». Bozketa amaituta Lertxundik hitza hartu zuen beraien burua zoriontzeko: «Zoriondu nahiko nuke gure burua. Gaur, Hernaniko Udala mugarri bat ezartzen ari da, eredu izaten ari gara eta seguru aski udal eta erakunde askorentzat». Lertxundiren hitzetan, «mugarri bat da, zehazki, erakunde publiko eta kooperatiba herritar baten artean gestionatzeko modu bat topatu dugulako».
Atzera bota zuten Bizitza taldeak aurkeztutako mozioa
Azken gaia, Bizitza taldeak aurkeztutako mozioa izan zen. «Gerrateen eta herritarren eta bizitzaren kulturaren aldeko» mozioa aurkeztu zuen taldeak, eta plenora gerturatutako herritar batek mozioa babesteko arrazoiak azaldu zituen: «Gerra gaitzestea eta su etena aldarrikatzea, soldaduskaren aurka azaltzea, Ukrainako gerrara bideratzen diren aurrekontu ekonomikoak haunditzearen aurka egotea, eta bizitzaren kulturari bidea ematea». EH Bildu taldearen abstentzioa eta EAJ eta PSE-EE taldeen aurkako botoarekin, mozioa ez zen onartua izan. Elkarrekin Podemos taldeak aldeko botoa eman zuen. PSE-EEk genozidio guztiak gaitzesten dituela esan arren, mozio honetako zenbait punturekin ados ez daudela azaldu zuten. Gainontzeko Udal taldeek, aldiz, ez zuten azalpenik eman botoaren inguruan.