Hitzaldi, proiekzio eta solasaldi antiarrazistak eta feministak, KPFn

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 27a, 00:00

Jeanne-Rolande Dacougnak 2018an eskaini zuen hitzaldia Hernanin.

Gaur 18:00etan, Jeanne-Rolande Dacougna Minkette ikerlariak eskainiko du hitzaldia.

 

Martxoa izaten da borroka femi­nistan hilabeterik garrantzitsu­­ena, eta horren bueltan pun­­ta-puntako hitzaldi eta solasal­­di­­ak antolatu ohi dira. Herna­niko Kulturarteko Plaza Feminista ez da salbuespena, eta gaur eta bihar hitzaldi, laburmetrai eta solasaldi antiarrazistak eta feministak izango dira.

Honela, Jeanne-Rolande Dacougna Minkette ikerlari eta ekintzaile feminista antiarrazistaren hitzaldia izango da gaur, arratsaldeko 18:00etan hasita, Arrazakeria eta kulturartekotasuna: gogoeta partekatuak zikloaren barruan. Gazteleraz eskainiko du, Emakume arrazializatuen begirada feminista antiarrazista izenburupean.

Dacougna Minkette sene­gal­­darra, do­nos­­­tiarra eta «mun­duko hiri­tarra» da, eta feminismoa du aktibismoaren gidari, nabarmendu duenez.

Bihar, berriz, De la cabeza a los pies laburmetraiaren emanaldia izango da 18:00etan, eta solasaldia egingo dute ondoren, Alex Iturralderekin eta Aitzole Aranetarekin (online hartuko dute parte). Ezkonduta urte asko igaro ondoren, elkarrengandik aldendu diren Walterren eta Madgeren istorioa kontatzen du filmak. Etxe berean bizi dira, baina ez dute inoiz hitz egiten, eta apenas begiratzen diote elkarri. Baina egun batean, Walterrek bere ezkontzaren oroitzapen ahaztua aurkituko du, eta garra berpizten saiatuko da.

Stop Motionen animaziozko film laburra da, Timothy Reckartek idatzi eta zuzendutakoa. 11 ikasleko talde batek egin zuen filma, 14 hilabetez.

Bestalde, bihar arte egongo da ikusgai Gure herriko señorak erakusketa, Plaza Feministan.

 

Gogoeta feministetan izena emateko epea, gaur arte

Apirilean hasiko dira, gainera, gogoeta eta eztabaida feministak, Iratxe Retolazak gidatuta; eta honakoa izango da gaia: Heteroarau literariotik heteroarau gorpuztura. Uxue Alberdiren Hetero ipuin-liburua izango da haria, eta idazleak berak parte hartuko du azkeneko saioan.

Hiru saio izango dira guztira, apirilaren 2an, eta maiatzaren 7an eta 28an, 17:30etatik 19:30etara. Izenematea gaur arte dago zabalik, eta zaintza zerbitzua ere eskainiko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!