Sehaska-kantak entzunez, denboran kulunkatzeko aukera emango du Bercer le Temps talde kanadarrak

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 27a, 00:00

Kulunkaulki bereziak ekarriko ditu Kanadako Bercer le Temps taldeak Hernanira.

Ahoz Aho jaialdiaren baitan, Plaza Berrin eta Chillida Lekun egongo da ‘Lullyng Time’ soinu-instalazio partehartzailea, apirilaren 4an eta 5ean.

 

Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiaren eskutik, ekimen berezi-berezi batez gozatzeko aukera izango da Hernanin, apirilaren 4an eta 5ean: Kanadako Bercer le Temps taldearen Lullyng Time soinu-instalazioa iritsiko da gurera, mun­du osoko sehaska-kantak entzuteko aukerarekin.

Zehazki, soinu-instalazio par­­tehartzaile honek aukera ematen du kulunkaulki batean eseri eta 90 hizkuntzatan baino gehiagotan abestutako sehaska-kantak ezagutzeko eta entzuteko. 

Bercer le Temps taldea 2016an hasi zen soinu-artxibo hau osatzen, eta ordutik, 1.500 pertsona inguruk hartu dute parte proiektuan. Bercer le Temps taldea Sarah Dell ́Avak, Ilya Krouglikovek eta Wolfram Sanderrek osatzen dute.

 

Bi egunez, bi tokitan

Taldea furgoneta batean ibiltzen da hara eta hona. Hain zuzen ere, furgoneta hori Plaza Berrin egongo da apirilaren 4an, ostiralez, arratsaldeko 16:00etatik iluntzeko 21:00etara. Euria eginez gero, Atsegindegira mugituko dute. Eta biharamunean, apirilaren 5ean, Chillida Leku museoan egongo da, 11:00etatik 17:00etara. Egun hor­retan, hernaniarrek dohainik izango dute museorako sarrera.

Gainera, Hernanitik joandakoan, kanadarrek kulunkaulki horietako bat utziko dute udal liburutegian, bi hilabetez (ekainera arte), bertan eseri eta sehaska-kantak entzuteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!