Espetxeak patriarkatuaren handitze ispiluak dira, eta, bertan, bereziki nabarmenak dira patriarkatuaren ondorioak emakumeengan. Hori gutxi ez eta arrazistak eta klasistak ere badira.
Feminismoek aspaldidanik jarri dute ezbaian zigor-sistema hau eta punitibismoa ez da sekula izango konponbidea feministontzat.
Maiz oihukatu dugu justizia-sistema patriarkala dela, eta horren adibide argia da espetxeak soilik gizonentzat eginak eta diseinatuak izan direla. Ikuspegi androzentriko, paternalista eta erabat estereotipatuetatik kudeatzen dira eta emakume onak birsotzeko fabrikak dira.
Hori guztia kontutan hartuta, euskal emakume presoek, zigor penalaz gain, eta euskal preso politikoa izateagatiko zigorraz gain, zigor sozialari ere aurre egin behar diote: emakumeez espero denaren kontrakoa egiteagatik, hau da, sistema honetan emakume delitugilea izateagatik; partaidetza eta militantzia soziopolitikoan rol zentrala eta aktiboa izateagatik; eta ama direnen kasuan, ama txarra izateagatik.
Ezin aipatu gabe utzi tortura sexista, izan ere, badakigu arrazoi politikoak direla medio, jazarriak izan diren emakumeen aurka sistematikoki aplikatu dela. Eraso horiek emakumeen aurkako indarkeria matxistaren beste adierazpide bat dira. Eta torturen ukatzea eta salaketak desitxuratzea izan da Frantziako eta Espainiako Estatuek urteetan erabilitako estrategia. Erreparaziotik urrun gaude. Gure babesa adierazi nahi diegu torturatu guztiei!!!
Besarkada goxoa euskal preso politikoei, eta noski, euren senide eta bidelagunei!
Olatz Esteban Ezkati eta Laia Etxandi Loiarte, Hernaniko Koordinadora Feminista.