Hernaniko Udalak herriko babesgune klimatikoei buruzko lanketa egin du. Muturreko egoera metereologikoetarako (beroa, hotza, euria, haizeteak) 23 babesgune klimatiko identifikatu dira. Horietako bost eraikinak dira, eta beste 18ak, kanpo espazioak. Hain zuzen, horietako batean -Biteri kultur etxean- aurkeztu zuten Xabier Lertxundi alkateak eta Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak Hernaniko Babesgune Klimatikoen Sarea.
Xabier Lertxundi alkateak kokatu zuen Babesgune Klimatikoen sarea testuinguruan: «Krisi klimatikoaren inguruan geroz eta gehiago hitz egiten da. Nabarmena da eta Hernani ez da uharte isolatu bat krisi horretan. Horregatik, urratsak ematen ari gara klima-aldaketaren aurrean herri erresilientagoa izateko».
Iaz onartu zuen Hernaniko Udalak Klima Aldaketara Egokitzeko Plana. Plan horren barruan egin da babesgune klimatikoen sarearen lanketa. Udaletxeko Ingurumen eta Babes Zibila sailen artean zuzendutako lanketa izan da, nahiz eta sail gehiagotako teknikariek ere parte hartu duten prozesuan.
«Sarea abiapuntua da, ez helmuga»
Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak azaldu zuen zer diren babesgune klimatikoak: «Babesgune klimatikoak espazio seguruak dira, gero eta ohikoagoak diren bero-boladen, eurite bortitzen edo bestelako muturreko baldintza klimatikoen aurrean babesa izateko. Herritarrei babesa eta atsedena eskaintzen diete, beren ohiko erabilera galdu gabe».
Atorrasagastik zehaztu zuenez, «Hernaniko Babesgune Klimatikoen sarea abiapuntua da, baina ez helmuga. Sarea hobetzen eta indartzen jarraitu beharko dugu, etorkizuneko erronkei aurre egiteko».
Auzo guztietan, babesgune klimatiko bat gutxienez
Hernaniko auzoetan eta Ereñotzun «gutxienez babesgune klimatiko bat» egon dadin saiatu da Udala.
Hernaniko Babesgune Klimatikoen sarea osatzen duten guneek zenbait baldintza eta irizpide betetzen dituzte: «konfort termikoa, irisgarritasun egokia, seinalizazioa eta sarrera librea edukitzea ezinbestekoa izan da aukeraketa egiteko orduan», Atorrasagastik azaldu duenez. Baldintza gehigarriak izatea ere bilatu da, hala nola «doako komunak, edateko ura, deskantsurako altzariak edota desfibriladorea» egotea.
Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak nabarmendu zuenez, «udala babesgune hauetako batzuen irekiera ordutegia aztertzen ari da, herritarrentzat eskuragarri egon daitezen alerta egoeretan».
Gune guztiak seinaleztatuta egongo dira, «jendeak erraz identifikatu eta erabil ditzan». Eskuorri bat ere argitaratu du Udalak, udal eraikinetan eta online eskuragarri egongo dena. Bertan babesgune klimatikoen zerrenda, bakoitzaren ezaugarriak eta bertan dauden zerbitzuak ere jasotzen dira.
Hernaniko Babesgune Klimatikoen sarearen lanketa egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 8.180,10 euroko dirulaguntza jaso du Hernaniko Udalak.
HERNANIKO 23 BABESGUNEAK KLIMATIKOAK
ERAIKINAK
1) Biteri Kultur Etxea
2) Goiz Eguzki
3) Kiroldegia
4) Kulturarteko Plaza Feminsita
5) Ereñotzuko ludoteka
KANPO ESPAZIOAK
1) Atarrabiyo parkea
2) Atsegindegiko aterpea
3) Ave Maria parkea
4) Elizatxo ikastolako patioa
5) Goiz Eguzkiko parkea
6) Haur eskolako patioa
7) Langile ikastolaren Laubidietako patioa
8) Nere Borda parkea
9) Pana parkea
10) Politena parkea
11) Sagastialdeko parke estalia
12) Soka parkea (Urbieta)
13) Urumea ikastolako patioa
14) Zikuñagako eskola zaharraren aterpea
15) Epeleko parkea
16) Ereñotzuko pilotalekua
17) Ugaldetxoko aisialdi gunea
18) Txirrita eskolako patioa