Hasi dira Hernaniko Dobera Euskara Elkarteko kideak udaleku ibiltarien 13. edizioa antolatzen. Udan zehar, opor garaian, gazte zein gaztetxoek euskerazko aisialdiaz gozatzeko eta euskeraren erabilera indartzeko udalekuak izaten dira. Era berean, gazteek natura errespetatzen ikastea, hezkidetza, elkarlana eta talde sentimendua bultzatzea, euskal kultura ezagutzea, eta inguru eta lagun berriak ezagutzeko helburua ere izaten dute udalekuek. «Azken finean, ondo pasatzea nahi dugu», diote Doberakoek. Maiatzaren 11n izango da izena emateko azken eguna, dobera.eus webgunean.
Udaleku Ibiltari hauetan, herriz-herri mugitzen dira gazteak, normalean, txango bidez eta material guztia furgonetarekin mugitzen dute aldez aurretik. Herri bakoitza parada bihurtzen dute, eta bakoitzaren baldintzen arabera, ikastetxeak, udal-eraikinak edota frontoi estaliak izan ohi dira lo lekuak. Otorduetarako, berriz, ibilaldian parte hartzen duen sukaldariarekin egiten dituzte otordu guztiak.
Ibilaldiak diharduen egunetan, ekintza ezberdinak burutzen dira, astebetez leku berriak ezagutzeaz gain: ur ekintzak, abentura kirolak, txangoak, mendi ibilbideak, gaubelak, talde jolasak...
Ibiltari handiak eta txikiak
Beste urteetan bezala, aurten ere Udaleku Ibiltari handiak eta txikiak antolatu dituzte. Haundien kasuan, Goierritik barrena ibiliko dira, txikiak, berriz, Oarsoaldera egingo dute itzulia.
Haundiek uztailaren 7tik 13ra egingo dute ibilaldia. Bertan parte hartuko dute 2010, 2011 eta 2012 urteetan jaiotakoak. Haundien taldeko gazteek 220 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkideen kasuan 200 euro.
Txikiek, aldiz, uztailaren 21etik 26ra egingo dute itzulia, eta taldea osatuko dute 2013, 2014 eta 2015 urteetan jaiotakoek. 200 euroko gastua izango da eta bazkideen kasuan, 180 eurokoa.
Udalekuetako gazteen kopurua mugatua izango da, beraz, lehenbailehen egitea komeni da, iaz bi txandak bete baitziren.