Maila ederra erakutsi zuen Hernanik, beste behin, etxekoen aurrean: 31-17 nagusitu ziren igandean Bera Beraren kontra, harmailak bete zituzten zaleen gozamenerako. Horrekin, igoeraren lehian bere ibilbidea luzatuko du mutil seniorren taldeak, Gipuzkoako lehenengo mailara igotzeko ilusioarekin.
Izan ere, play offa jokatzea ziurtatu du Hernanik, garaipen horrekin. Dagoeneko ezinezkoa dauka igoera zuzena lortzea (aurreneko sailkatuak lortuko du), baina hurrengo lauak play offean ariko dira, igoerako beste plazaren bila; eta aurreneko bosten artean sailkatuko da Hernani, ziur. Une honetan laugarren dago, 14 punturekin; eta kontrario zuzenek baino partidu bat gutxiago dauka jokatuta.
Bera Beraren kontrakoan, Ianitz Gorrotxategi izan zen taldeko golegile nagusia, seirekin; eta bost lortu zituzten Oier Alegriak eta Erlantz Goikoetxeak.