Uztaila

Aldaba, lore sorta eta aginte makila jasota, alkate berria izendatu zuten Hernaniko Kaxkoan

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 23a, 08:54

Ilusio haundiarekin hartu zuen alkate izateko ardura Nekane Azkue Orayenek.

Nekane Azkue Orayenek pozarren hartu zuen Maitere Goñi Alzagariren lekukoa, eguerdiko omenaldian. Festa giroa nagusitu zen Kaxkoan egun osoan zehar, eta Plaza Berri izan zen arratsaldeko jaiaren erdigunea.

 

NEKANE AZKUE ORAYEN

DOINUA: Habanera

Hernanira etorriak
Joaquin eta Mariana
etxea eraiki zuten
errotatxo bat zeukana.
Pentsu negoziorako
harek egin zuen lana
baserrietan izateko
abereei zer emana.
Familia abizena
eta bere iragana
belaunaldiz belaunaldi
iritsi da zuregana
ez baita nolanahikoa
Orayendarren afana
ta Kaxkoko historian
lekua egin izana.

 

ERRIOGUARDA

DOINUA: Antton eta Maria

Errioguardako guardak
lotuak aspaldi
pretentsiorik gabe
sukalde lanari.
Mila esker Elena,
Antton ta Juan Mari
irekitzeagatik
gure herriari
ate tradizional bat
berritasunari.

Omenduak: Juan Mari Izagirre Balerdi, Elena Izagirre Balerdi eta Antton Elorza Puyadena (Errioguarda jatetxea).

 

OINDI

DOINUA: Itsasoari begira

Lau gazte lerden ikasten joanak
beharrak agindu ahala
San Juanak bertan eta umeak
hankapean zebiltzala
bere ohitura, bere argazki
taberna bat zerbitzala
zenbat herritar sentitu diren
bertan etxean bezala
ta esan gabe utzitakoak
Onddik ixildu ditzala.

Omenduak: Joaki Lujanbio Olano, Joxe Amondarain Huegun eta Pili Lujanbio Olano (Oindi taberna).

 

UKERDI

DOINUA: Ari naizela, ari naizela

Noeren Arka zen mertzeriak
pijama eta galtzerdi
mende laurdenez artilez josi
zituen hainbat alderdi
ingurutako bezeroekin
lana ez denez izerdi
Kaxkoan eman duzunagatik
eskerrik asko Ukerdi.

Omenduak: Mª Ángeles Marzal Cebollino eta Antonio Recio Gil (Mercería Ukerdi)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!