26 urteko ibilbidearen ondoren, Mendiriz Mendiko lehendakaritzaren lekukoa pasa zion Txe Zuzak Santos Gainzeraini. Zuzak zuzendaritza taldean jarraitzen du, baina orain arte egindako lana eskertzeko omenaldia egin zioten, Akarregi sagardotegian.
Egun berezia izan zen Mendiriz Mendiko kide guztientzat. Goizean ibilaldia antolatu zuten; Besabitik Adarrara igo ziren Euskal Mendizale Federazioaren mendeurrena ospatzeko, eta eguraldia lagun, herritar ugari animatu ziren ibilaldira.
Kirol saioa eginda, Akarregi sagardotegian jarri zuten hitzordua eguerdian, bazkari baten bueltan elkartzeko. Hori baliatuta, azken 26 urteetan egindako lana eskertu zioten Txe Zuzari, eta omenaldi ederra eskaini zioten bertaratutako 115 lagunek.
Mahaiaren bueltan gustura igaro zuten arratsaldea, eta festa giroan borobildu zuten Zuzaren omenaldia.