Ostegun honetan egingo du martxoko saioa Hernani Zineklubak, eta film japoniar bat eskainiko dute oraingoan: Chibusa yo eien nare, Kinuyo Tanakak 1955ean zuzendutakoa. Fumiko Nakajo poetaren bizitzan oinarrituta dago filma, eta kontatzen du bularreko minbizia duen pentsamolde modernoko emakume baten istorioa. Jatorrizko hizkuntzan jarriko dute, japonieraz, gaztelaniazko azpitituluekin. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa, Biterin; eta sarrerak eskuragarri daude kultura.hernani.eus webgunean, 3 euroan. Biteriko lehiatilan ere eskuratu daitezke.