Ostegunean kaleratuko du Maite Larburuk 'Maizter' disko berria. Bere bosgarren lana du musikari hernaniarrak, eta bere estudio propioan grabatu du, «atmosfera artisauagoa» jasotzeko asmoz. Izan ere, «soinu naturalistez betea» da 'Maizter'. «Hemen, gitarra klasikoa, ahotsa, biolina eta soinu organikoak, bizi dira txori, erreka, baso, haize, auto, grua eta auzoen zaratarekin, folk progresibo deitu litekeen zerbait sortuz, estilorik finka baliteke».
Horrela, diskoa «transitatzeko espazio bat» izango dela aurreratu du: «Kantu batean sartzen zarenean, beste hainbat eremu anitzetara aterako zara, eta buelta atzera; nor noren maizter den jakin beharrik gabe». Mikel Azpiroz musikariarekin batera grabatu du, Koldo Corellaren soinu efektu binauralekin. Horri esker, «dimentsio desberdina» hartuko du kaskoekin entzuterakoan, «mugak eta abiapuntuak lausotuz».
Ostegunean kaleratuko duen arren, 'Maizter' diskoa dagoeneko eskuragarri dago aurresalmentan, 15 euroan, maitelarburu.art webgunean.
Aurkezpen kontzertua, apirilaren 11n Donostian
Gainera, 'Maizter' lanaren aurkezpen kontzertuak ere iragarri ditu Maite Larburuk. Donostian izango da aurrenekoa, Lugaritz auzoan, apirilaren 11n. Zarautzen eskainiko du hurrengo emanaldia, maiatzaren 9an, Modelo aretoan.
Eta dagoeneko jakinarazi du noiz aurkeztuko duen diskoa Hernanin bertan ere: urriaren 23an izango da, Biterin.