Txantxilako biribilgunea da Hernanin sartzeko eta irtetzeko bidegurutze nagusienetako bat. Bertatik pasatzen dira ikasleak oinez instituturantz eta Andoain-Donostiarako autobusak ere besteak beste. Gune estrategikoa da, horregatik behar bada, udalak erabaki zuen artelan handi samar bat jartzea izkina ikusgarri batean.
Artelan egokia Hernanin sartu-ateratzen ari garela adierazteko. Egokia bisitan datozenei ongi etorri eta adio esateko. Egokia, artelan horretan “Hernani” izena hizki handitan jartzea, baina desegokia horri erantsi zitzaion armarria, Hernanikoa ez zena, Gipuzkoan gaur indarrean ofiziala ez dena. Arrazoi askorengatik gu ordezkatzen ez gaituena.
Hernani Errotzen elkartearen eskariz onartu zuen Udal Osoko Bilkurak, kontrako botorik gabe, Txantxilako gune hori “egokitzea”. Denbora asko pasa bada ere, gaur, artelan horretan herriaren izenak, Hernanik soilik, ongi etorri eta hurrengo arte agurtzen ditu gure etxera datozenak. Orain bai, “gure etxean zaude”, errespeta gaitzazu, gu, gure hizkuntza, gure kultura, gure historia… Zorionak eta mila esker Hernaniko Udal Osoko Bilkurakoei.