Euskal dantzei buruzko hitzaldia eskainiko da Biterin apirilaren 2an

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 22a, 00:00

Oier Araolazak behin baino gehiagotan eman ditu hitzaldiak Hernanin.

Aratz ikastolak antolatuko du eta Oier Araolaza dantzaria izango da hizlaria 'Euskal Dantza, euskaldunon gorputz hizkuntza' hitzaldian.

Aratz Ikastolako Euskera Batzordeak antolatu du Euskal Dantza, euskaldunon gorputz hizkuntza izenburupean dantzari buruzko hitzaldi bat, apirilaren 2an, Biterin, arratsaldeko 18:00etan hasita. Dantzan elkarteko kide den Oier Araolazak eskainiko du hitzaldia. Ez da aurreneko aldia Araolaza Hernanira etortzen dela euskal kulturarekin harreman zuzena duten gaiei buruz hitz egitera. Euskal dantzen historia ikertu du eta dantza euskaldunon gorputz hizkuntza dela aldarrikatzen du. Guzti horri buruz hitz egingo du Biteriko hitzaldian.

Oier Araolazaren esanetan: «Euskera euskaldunon hitzezko lengoaia den moduan, eukal dantza euskaldon gorputz-hizkuntza dela aldarrikatuko dugu saio honetan. Dantzak, gizakioi, oro har, eta euskal dantzak euskaldunoi, zehazki, zer eskaintzen digun aztertuko dugu. Euskaldunon identitatearekin lotuta ageri zaigu dantza historian zehar, baina identitateaz gainera, herria batzen eta komunitatea egituratzen laguntzen duten erritualak eta sinboloak gorpuztu ditzakegu dantzaren bidez».

Oier Araolaza dantzaria da, Eibarko Kezka eta Donostiako Argia dantzari taldeetan aritzen da gaur egun. Dantzan elkartearen zuzendaria da. Gizarte Komunikazioan doktorea, Antropologia eta Informazio Zientziak gradu-ikasketak egin ditu, Musikologian ikasketa aurreratuak eta Artearen eta Musikaren Historian ikertzaile nahikotasuna eskuratu du. Euskal dantzaren historia ikertu du, eta hainbat artikulu eta lan argitaratu ditu dantzaren inguruan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!