Donostialdeko herrietako taxilariei deitu ahal izango zaie Hernanitik

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 21a, 00:00

Donostialdeko Araubide Bereziko taxilariek Hernanin jardun ahal izango dute astegunetan 22:00etatik 06:00etara, eta larunbateko 22:00etatik astelehen goizeko 06:00etara.

 

Donostialdeko Araubide Bereziko taxilariek aurrerantzean Hernanin aritu ahal izango dute ordutegi zehatz batzuetan. Zehazki, astelehenetik ostiralera 22:00etatik 06:00ak arte; eta larunbateko 22:00etatik asteleheneko 6:00ak arte eremu horretako taxiek sartu ahal izango dute Hernanira bertako bezero baten eskaera betetzera. Hain zuzen ere, Donostialdeko Araubide Berezian herri hauetako taxilariak daude: Donostia, Pasaia, Errenteria, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Usurbil, Andoain, Lasarte-Oria eta Urnieta.

Udalaren tokiko gobernu batzarrak 2025eko martxoaren 13an egindako ohiko bilkuran onartu zen erabaki hori, alderdi guztien babesarekin. Gaur jakinarazi zaie taxilariei, eta udal agintariek neurria sinatuta, indarrean dago jadanik.

2025eko otsailaren 6an egindako bileran Donostialdeko Erregimen Bereziko udalerri guztietako ordezkariek adostu zuten, bakoitzak bere egutegia onartu arren, funtzionamendu irizpide bateratuak behar zirela herri guztietan. Besteak beste, zonaldea irekita dagoenean beste herrietako taxilariek geltokian noiz eta zein deiren bidez egin ahal izango duten lan. Hori onartuta, indarrean da Donostialdeko Zonalde Bereziko egutegia Hernanirako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!