Hernaniko SETE enpresaren itxierak 65 langile utziko ditu kalean

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 21a, 00:00

SETE enpresa lastaola poligonoan dago kokatua.

Enpresa-batzordearen arabera jabeena eta kudeatzaileena da bere berehalako itxieraren erantzukizuna.

 

Hernaniko SETE enpresaren itxierak 65 langile utziko ditu kalean, atzo enpresa-batzordeak ezagutzera eman zuenez. Enpresa-batzordearen arabera jabeena eta kudeatzaileena da bere berehalako itxieraren erantzukizuna. 2018an jabe berriak sartu ziren. 

Enpresak 65 langile ditu, 1933an Pasai Antxon sortu zen eta 1996an Hernanira lekualdatu zen. Aluminiozko hodiak fabrikatzen espezializatuta dago, eta sektore horretan enpresak nolabaiteko garrantzia izan du, une oro izan baitu bideragarritasuna ahalbidetzen zuen eskaera-zorroa.

Enpresa-batzordetik azaltzen duetenez: «Tamalez, 2016an hasi zen langileen ezinegona, ez ordaintzeengatik eta enpresako zuzendaritzaren kudeaketa txarragatik».

Langileak denbora bat egon ziren lanera joaten soldata kobratuko zuten edo GEROAri kotizazioak ordainduko zitzaizkion jakin gabe eta 2018an hartzekodunen konkurtsoan sartu zen. Urtebete konkurtsoan egon ondoren, ekoizpen-unitatea ezaugarri berdinak dituen enpresari enpresari argentinar bati saldu zitzaion.

 

«Ohitura txarrak mantendu ziren jabe berriekin»

Norabide berri horrekin eta «makina eta azpiegitura berrietan inbertitzeko promesa ugari egin ondoren, enpresak hobeto funtzionatuko zuela pentsatu genuen, baina denbora gutxian ezer aldatzen ez zela ikusi genuen eta makineria zaharkituarekin jarraitu genuen; beraz, egoera berdinera itzuli ginen. Organigrama mantentzen da, baita SETEren aurreko zuzendaritzak enpresa itxi zuenean ezagutu genituen ohitura txarrak ere, nominak ez ordaintzea eta hauek atzeratzea barne».

Enpresa-batzordeak dioenez, «berriz ere bueltatu ginen gezurretara, ez ordaintzeetara, kudeaketa txarrera eta langileen nominatik dirua kentzera GEROAri ordainketak egiteko, gero ordaintzen ez direnak. Horrekin gure ezinegona adierazi nahi dugu, 65 langile kalean geratzearen arduradunek ez baitute inolako ondoriorik izango».
Era berean, plantillaren borrokari eta urte hauetan guztietan egin duten ahaleginari balioa eman nahi diete. «Beraiek dira beren lanarekin enpresa hau aurrera atera dutenak. Prozesu kaotiko horretan guztian, enpresa-batzordeak eta plantillak inbertsio gehiago exijitu ditugu makinerian, bideragarritasun-planak eskatu ditugu eta ekoizpen-prozesuan hobekuntzak proposatu ditugu. Ahalegin horiek guztiek beti egin dute topo enpresaren axolagabekeriarekin, egoera tamalgarri honetara eraman gaituena».

Horregatik guztiagatik, «SETE ixtearen erantzuleak enpresaren jabeak eta gerentzia direla salatzen dugu, bestela jokatu izan balute enpresak bideragarria izaten jarraituko lukeelako».

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!