Karmelo Labaka eskolako ikaslea izan zen Ritxar Gomez ordiziarra 80ko hamarkadaren amaieran. Bost urte igaro zituen Hernanin, eta arrasto berezia utzi zion herriak bere barruan. Orain, 40 urteren ondoren, nobela baten bidez itzuli da bere gazte garaira, Euskal Herriko gatazka ironiatik eta umore beltzetik lantzen duen 'Patria la buena' liburuarekin.
Argitaratu berri duzun nobela, 'Patria la buena', Hernanin oinarrituta dago.
Hori da. Nobelaren lehenengo zatian Hernani da abiapuntua, nahiz eta ondoren protagonistak Madrilera joaten diren. Gehiegi aurreratzeko asmorik gabe, istorioa Hernanin bukatzen da. Niretzat nobelaren erdigunea Hernani da, pertsonaia nagusiak bertakoak direlako.
Zuk ere izan zenuen Hernanirekin lotura, bertan ikasi zenuen 80ko hamarkadan. Zer oroitzen duzu orduko Hernanitik?
Hori da, bost urtez egon nintzen Karmelo Labaka eskolan delineazioa ikasten. Oso oroitzapen politak dauzkat, oso garai mugituak izan ziren, eta ni ere adin ederrean harrapatu ninduen, 16-20 urterekin. Ni ordiziarra naiz, eta soziologikoki edo politikoki antzekotasun haundiak zituen Ordiziak Hernanirekin. Hala ere, arreta ematen zidan bertan ikusitako migrazioak. Ni ere Galizian jaio nintzen, eta bertatik hona etorri ginen haurra nintzenean, baina Goierrin ez zen hain ohikoa kanpotik etorritako jendearekin topo egitea. Hemen Extremaduratik edo Andaluziatik etorritako pertsonen seme alaba askorekin koinziditu nuen.
Nobelaren izenburua ikusita, nabaritzen da ironia ukitu bat baduela istorioak, ezta?
Bai, argi dago. Niretzat beti izan dira oso erakargarriak tramak eta nobela beltzak. Ideia bat etorri zitzaidan burura, eta argi neukan ETAko bi militante 'Un, dos tres... Responda otra vez' lehiaketa ospetsuarekin uztartu nahi nituela. Oso trama dibertigarria iruditzen zitzaidan, eta forma emateko bideen bila hasi nintzen. Horregatik, ezinbestekoa izan da niretzat Hernanin kokatzea, modu horretan istorioak nonbait lur hartzeko duelako, eta garaiko testuingurua ezagututa errazagoa delako garatzea. Izenburua, noski, azkura pixka bat sortzeko asmoarekin jarri dugu.
Hala ere, garai gogorretan kokatu duzu trama.
Niretzat garrantzitsua zen 80ko hamarkadan kokatzea istorioa, garai gogorrenei buruz idaztea. Ez bakarrik biolentziagatik; une horretan industria birmoldaketak ere sekulako mugimendua sortu zuen Hernanin, Sidenor ixteagatik adibidez. Gizartean mugimendu haundia zegoen orokorrean, eta nobelarako gai asko ematen zizkidan Hernanik: migrazioa, birmoldaketa industriala, kale mugimendua... Nobelaren hasierako pasarteetan oso presente daude gai horiek.
Hasiera batean, ez dirudi erraza denik ETAko bi militante 'Un, dos tres' programarekin uztartzea.
Ez da erraza bideak topatzea, baina pentsatzen jarrita uste baino logikoagoa da. Niri asko gustatzen zait errealitatea eta fikzioa nahastea, eta iruditzen zitzaidan ETAko bi militante joan zitezkeela programara, bertan ateratzen direnek ez zutelako susmo txarrik sortuko. Labur azalduta, kontua da bi militanteek 'Madril' komandoari laguntza logistikoa eman behar diotela, eta programan lortutako sariak ekintzak egiteko baliatu nahi dituztela. ETAk esaten die Torreviejako apartamentua lortu behar dutela. Horrez gain, GAL ere sartzen da istorioan, poliziak badakielako lehiakideak nortzuk diren. Hor sortzen da tramako zati dibertigarria.
Bitxikeria modura, artxiboetan begira konturatu nintzen 'Un, dos, tres' saioan parte hartu zuten lehenengo gipuzkoarrak Hernanikoak zirela. Kontaktuan jarri nintzen haietako batekin, eta kafe baten bueltan kontatu zizkidan garaiko anekdotak.
Lan haundia eskatzen du gai korapilatsu bat umoretik lantzeak?
Nik jendea entretenitzeko asmoz idatzi dut, ez dut minik eragin nahi, ez dut biktimetaz parre egiten... Biolentzia oso presente dago liburuan, gizartean ere halaxe zegoelako, baina nire helburua ez da izan nobela moral bat idaztea. Iruditzen zait askorentzat tabu bihurtu direla garai hartako kontuak, eta edukiren bat sortzen denean intentzio jakin batekin egiten dela. Patriak edo La Infiltradak istorioko zintzoak eta gaiztoak bereizten dituzte, batzuk santuen pare eta besteak deabruen pare jarrita. Nire ustez, biolentzia ukatzeko ez da horrelako karikaturarik egin behar, elementu sakonagoak daude. Horretan zentratu naiz ni, eta horregatik lasai idatzi dut.
Zer bilatzen duzu nobelarekin? Zein da zure helburua?
Idazten dudanero ondo pasatzea bilatzen dut, eta, ahal dela, jendeari ondo pasaraztea. Ondoren, edukiarekin ukitu ideologiko batzuk uzteko gai banaiz, bikain. Auzi asko landu ditut zeharka nobelan: GALen jarduna, drogaren iritsiera Euskal Herrira, Intxaurrondoko kuarteleko pasarteak... Horiek guztiak aipatzen dira momenturen batean. Horregatik hautatu dut 'Patria la buena' izenburua, 'Patria' nobelarekin konparatuta beste leku batean jartzen duelako azpimarra. Nire helburua ez zen erabateko sakontasuna lortzea, testu atsegin baten bidez pixka bat pentsarazi nahi nuen, besterik ez.
Hernaniarrek erraz identifikatuko dute garaiko giroa?
Bai, uste dut baietz. Birmoldaketa industrialarena argi ikusiko dute. Herriko guneak ere pisua dute hasierako pasarteetan, nahiz eta hein batean fikzionatu dudan espazio fisikoa ere. Karabel eta Zikuñaga arteko eremuak garrantzi haundia du, Txantxillako futbol zelai mitikoa ere agertzen da... Garai hartako partidu bat ere kontatzen dut nobelan, Hernaniren eta Eibarren artean jokatutako partidua, 1986koa.
Liburua non topatu daiteke?
Outsider editorialarekin argitaratu dut, eta Euskal Herrian Elkar dendetan erosteko aukera dago. Aurkezpena datorren asteazkenean egingo dugu, 18:30etan, Donostiako Elkarren, Fermin Calbeton kalean. Asko gustatuko litzaidake Hernanin ere aurkeztea, ea horretarako aukera sortzen den.