'Gelatik Plazara' bertsolaritza sariketa LHko ikasleekin iritsiko da gaur Sandiusterrira

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 20a, 00:00

Gipuzkoako herri ezberdinetan zehar dabil 'Gelatik Plazara' ekimena.

2-4 lagunez osaturiko hamar talde lehiatuko dira eta bakarra sailkatuko da Alegiko finalera.

Gelatik Plazara ekimenak geldialdia egingo du gaur Sandiusterrin. Ekimenaren III. edizioa antolatu du aurten Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, bertso eskolekin elkarlanean. 14 urtez azpiko bertso-eskoletako ikasleei bideratuta dagoen ekimena da Gelatik Plazara.

Helburua ikasleek bertsoarekin gozatzeko gune bat izatea da eta jendaurrean trebatzeko aukera eskainiko dien aisialdiko ekimena izango da. Eskolarteko txapelketara iritsi aurretik zubi lana egiteko ere balioko du egitasmoak.

Bi maila ezberdinetan parte hartu ahal izango da. LH mailan eta DBH mailan, baina Hernaniko saioa LHko ikasleei zuzenduta dago. Arratsaldean izango da. 2-4 lagunez osaturiko taldeetan parte hartzen dute ikasleek. Bertso eskolako ikasleak elkartu eta elkar ezagutzeko aukera paregabea izango dute saioetan. Hamar taldek hartuko dute parte eta talde bat sailkatuko da finalera. LHkoen finala martxoaren 30ean izango da Alegin.

Ondorengo lanak egin beharko ditu talde bakoitzak: Agurra taldeka; puntu erantzunak oinak emanda; bi oin emanda koplak osatzea; kopla txikian irakaslearekin ofizioa; gaia emanda kopla osatzea.

250 bertsolari gaztek hartuko dute parte antolatu diren saioetan. Saioaren bukaeran talde guztiek jasoko dute sariren bat, eta saioak aurkezteaz zein gaztetxoen lana epaitzeaz bertso eskoletako irakasleak arduratuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!