Laburbira hilaren 26an iritsiko da Hernanira

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 20a, 00:00

Biterin eskainiko dira zortzi film labur, 19:00etatik aurrera, eta 97 minutuko iraupena izango du emanaldiak

 

Laburbirak, euskeraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuituak, bere 22garren edizioa beteko du aurten eta herriz herriz dabil martxoan eta apirilean zehar. 

Hernanira datorren asteazkenean, martxoaren 26an iritsiko da, 19:00etan, eta Biterin eskainiko dira film laburrak doan. Bi helburu nagusi ditu Laburbirak: euskal zinemagintza hauspotzea, zinemagileei beraien lanak erakusteko aukera emanaz; eta herritarrei euskeraz sortutako film laburrak ezagutaraztea.

Orotara, 97 minututako zortzi film-labur sorta ikusgarria osatu da, ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz. Denetariko lanak aurkitu daitezke bertan, edukiz zein estiloz; horietako asko, jada zenbait zine jaialditan saritutako lanak.

 

Goya sarietara izendatutako bi film labur

Hauexek dira, hurrenez hurren, aurtengo edizioan ikusgai izango diren film-laburrak: 'Prosopagnosia' (Ekain Martinez); 'Plazer bat' (Sonia Estévez); 'Betiko gaua' (Eneko Sagardoy); 'Europa' (Ekain Irigoien); 'Pentsatzen dut' (Karmele Mitxelena); 'Hor konpon' (Jone Arriola); 'Goodbay kepler' (Nerea Ayala, Patricia Fañanás, David Modroño, Iraia Yarto); eta 'Utlandsk' (Alba Lozano). Europa eta Betiko Gaua Goya sarietarako izendatuak izan ziren.

Laburbiraren aurtengo edizioak martxoaren 6an hasi zuen bere ibilbidea, Donostiako San Telmo Museoan egin zen aurre-estreinaldiarekin.

Euskerazko film laburren zirkuitu ibiltariak, Euskal Herri osoko 51 herritan ikusi ahal izango da aurtengo bilduma (22 Gipuzkoan, 19 Bizkaian, 5 Araban, 3 Iparraldean, 2 Nafarroan eta 1 Londonen).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!