Herri libre bat ekimena sortu du Gure Eskuk, eta ekainaren 7an, Bilbon, mobilizazio haundi bat egingo da. Prestaketa lanak egin ahal izateko, bihar 19:00etatik 20:30etara bilera irekia egingo du Hernaniko Gure eskuk Biteri kultur etxean. Gure Eskuko gonbidatu garrantzitsu bat izango da bertan.
Hernani Gure Esku ekimenetik diotenez, «egun, estatus politikoaren eta lurralde antolaketaren inguruan irekita dauden eztabaida eta prozesu politikoek balio behar dute benetako herri libre bat eraikitzeko, gure buruaren jabe bilakatzeko. Ez gara gutxiagorekin konformatzen. Horretarako, gure etorkizunari buruzko erabaki librea ahalbidetzen duten tresna juridiko-politikoak gure eskuetan nahi ditugu. Orain da mementoa tresna horiek zehaztu eta indarrean jartzeko. Herri oso bat aurrera egiten ikusi nahi dugu, lurraldez lurralde eta elkarren eskutik».
Gure Eskuk aditzera eman nahi du mundua aldaketa garaietan dagoela: «genozidioak, gerrak... aldaketa garai betean bizi garela dirudi. Mendebaldeko gobernuek, gainera, armagintzan dirua xahutzeko apustua egin dute, munduko arma trafikatzaile haundiak aberasteko eta jendearen oinarrizko beharrak alde batera utzita. Ez dugu gazteak soldaduskara eta gerrara joatea nahi. Herritarrok etorkizuna gure esku hartzeko garaia heldu da. Munduaren aurrean nazio gisa agertu nahi dugu. Mundu aldakor honetan aukera berriak ere heldu zaizkigulako».
«Euskal Herria erabakigune»
Euskal Herriak aurrean erronka garrantzitsuak omen ditu: «osasungintza, etxebizitza, industria, euskera, hezkuntza, zaintza, gutxieneko soldata,... eta bada garaia herri gisa aurrera egiteko. Erabakiguneak herritarrengandik gertuago dauden erakundeetan izatea nahi dugu. Euskal herritarrok eskubidea dugu gure erakunde politikoak, gure estatus politikoa zein autogobernu maila erabakitzeko. Euskal herritarrok etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugu. Euskal Herri libre eta kohesionatu bat osatu behar dugu denon artean».