Latsunbeberri auzoko frontoia estaltzeko lanak hastear dira

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 19a, 00:00

Gaur egun ez dauka estalkirik Latsunbeberriko frontoiak.

Aste honetan hasiko dira lanekin, eta plaka fotovoltaikoak eta luzekako eserlekua ere proiektuaren parte izango dira.

Hernaniko Udalak jakinarazi du aste honetan ekingo dietela Latsunbeberri auzoko frontoia estaltzeko lanei. Estalkiarekin batera, plaka fotovoltaikoak eta luzekako eserlekua ere proiektuaren parte direla azaldu du.

Obra horiek direla eta, asteburutik aurrera ezin izango da frontoia erabili, lanak bukatu bitartean. Frontoiaren goiko aldean dagoen kirol kantxan ere sumatuko da lanen eragina. Izan ere, materiala pilatzeko eremu bilakatuko dutela jakinarazi du Udalak. 

Gaur egungo eskaileren ondoan, luzekako eserleku zabal bat jarriko da. Horrez gain, jarriko den estalkian bertan, plaka fotovoltaikoak kokatuko dituzte, «kontsumo-burujabetzan aurrera egiteko».

Estalkiaren eta obra guztiaren kostua 700.000 euro pasatxoko inbertsioa izango dela aurreratu du Udalak, eta lanak uztailerako bukatuko direla aurreikusi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!