Kontrakantxan izango da 'Gaztetxeak bertsotan' zirkuituko 3. saioa

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 18a, 00:00

Ostiral arratsalderako plan ederra antolatu dute gazteek; kanporaketa saioa 19:30etan hasiko da. 

 

Kontrakantxan ospatuko dute 'Gaztetxeak bertsotan' dinamikaren hirugarren saioa. Orain gutxi estreinatu zen txapelketa Hernanira iritsiko da ostiral honetan, martxoak 21. Joan den asteburuan izan dira lehen bi saioak Itsasun eta Mutrikun, eta ikusmina sortu du ekimenak. Orain, Kontrakantxa gaztetxean egingo dute zirkuituko hirugarren kanporaketa saioa. 

«Bertsolari gazteei plaza eskaintzea eta Gaztetxeen eta bertsoaren arteko harremana estutzea» ditu helburu nagusitzat Gaztetxeak Bertsotan ekimenak. Bideari ekinda, Hernanin eta Altsasun egingo dituzte hurrengo bi saioak.

Ostiralerako, gainera, kanporaketa saioaz gain, Kontrakantxak eta Hernaniko Paulo Txikiya bertso-eskolak, egitarau oso bat antolatu dute. Arratsaldeko 18:30etan elkartuko dira gazteak Plaza Berrin, eta Hernaniko pasarte historikoen errepaso bat egingo dute bertsotan. Ondoren, ekingo diote kanporaketa saioari, gaztetxean bertan, arratsaldeko 19:30etan hasita. Jai jartzaile lanetan arituko da Andoni Rekondo hernaniarra, eta kantuan:  Danel Etxeberria eta Janire Arrizabalaga, Ekhi Zuluaga eta Gorka Pagonabarraga, eta Enara Gallastegi eta Kattin Madariaga.

Kanporaketa amaitu bezain laster, afari goxoa prestatuko dute antolatzaileek gerturatutako gazteentzako. Afaltzeko ezinbestekoa izango da aurretiaz izena ematea, Kontrakantxako instagram kontura idatziz edota Goiz Argi tabernan bertan.

 

Finalerdietako saio bat aurreratu dute

Antolatzaileek jakinarazi dute, aurrez noiz izango diren Gaztetxeak Bertsotan-eko finalerdiak: apirilaren 3rako eta 10erako zehaztu zituzten kanporaketak, Bilboko (Bizkaia) 7Katun eta Gasteizen (Araba). Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ordea, Bilboko saioa astebete aurreratzea erabaki dute azkenean, Errekalde auzoko Etxarri II Gaztetxearen desalojoa apirilaren 4rako baitago aginduta; finalerdiaren hurrengo egunerako. Beraz, apirilaren 3an egin beharrean, martxoaren 27an egingo dute 7Katuko kanporaketa.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!