Aitziber Garmendia eta Jon Plazaolak interpretatutako 'Arizona' antzezlana ikusteko aukera egongo da ostegun honetan, Hernaniko Biteri Kultur Etxean. Txalo antzerki konpainiaren eskutik, Euskal Herriko oholtza batetik bestera ibili ondoren, etzi arratsaldeko 19:00etan izango da Hernanin. Beste herri askotan lez, Hernanin ere, sarrerak agortuta daude aspalditik.
Ikusleak hausnarketara bultzatuko dituen antzezlana izango dela azaldu dute konpainiako kideek. Garmendiak Margaret interpretatuko du, eta Plazaolak, berriz, George. Bi pertsonaiak Arizonako mugaraino helduko dira, bertan misio bat bete ahal izateko: bizilagunengandik banatzen dituen mugaraino joan, eta hura defendatu. Bizilagunak hor egongo dira, zelatan, ahalik eta deskuidurik handienean gurutzatzeko zain. Baina, Margaret galdera gehiegi egiten hasten denean, komedia musikala, tragedia basati bihurtzen da.
«Arizona ez dago hain urruti. Arizona hemen dago, Ceutan, Melillan, gure hiri bakoitzean, gizaki batek bizitza hobea lortzea eragozteko altxatzen den harresi bakoitzean», diote.
Juan Carlos Rubioren testuak mugei, migrazioari, giza ergelkeriari eta manipulazioaren mugei buruzko gogoeta egiten du, eta hausnarketara bideratutako antzezlana izango da ezinbestean.