«Ikusi dugu posible dela lau onenen artean sailkatzea, eta horretarako oso garrantzitsua da etxean irabaztea». Horixe zioen Anartz Elosegi Hernaniko jokalariak igandeko partiduaren atarikoan, eta jarritako helburua ondo bete zuen taldeak. Belenosen aurka garaipen garrantzitsua lortu zuen Hernanik, sendotasuna eta eraginkortasuna erakutsita.
Hamargarren minutuan jarri ziren aurretik trikoloreak; Jokin Oleak egin zuen lehenengo ensaioa, eta Beñat Arizetak gauzatu zuen konbertsioa. Ondorengo minutuetan markagailua iraultzea lortu zuten asturiarrek, zigor kolpe bat, ensaioa eta konbertsioa lortu zituzten, eta 7-10 aurreratu ziren.
Hortik aurrera, ordea, defentsako lana asko hobetu zuen Hernanik, eta azkar itxi zuten aurretik irekitako zuloa. 27. minutuan zigor kolpea sartu zuen Arizetak, eta 29. minutuan Anartz Elosegik egin zuen ensaioa. Azkenean, 17-10 amaitu zen partidua.
Elite faseko bigarren garaipena lortu du Hernanik, eta beste behin erakutsi du edozeinen aurka lehiatzeko prest dagoela taldea. Hurrengo partidua etxetik kanpo jokatuko du martxoaren 30ean, Gernikaren aurka. Gernikarrek lau partidu jokatu dituzte dagoeneko, eta horietatik bi besterik ez dituzte irabazi. Azken bi jardunaldietan berdinketa bat eta porrot bat jaso dituzte.