Kulturarteko Plazak Feministan, Mugarik Gabe GKE-ak Feminismoaren erronkak gizarte-mugimenduen kriminalizazioaren aurrean hitzaldia antolatu du biharko, 18:30etan. Gazteleraz izango da eta Justa Montero eta Silvia Federici izango dira hizlariak. Justa Montero bertan izango da eta Silvia Federici on-line sartuko da hitzaldian.
Silvia Federicik 83 urte beteko ditu laster eta ikertzaile, idazle, irakasle eta ekintzaile feminista da. Italian jaioa, Estatu Batuetan bizi da 1967tik, eta estatubatuar nazionalitatea du. Pentsamendu feminista eta marxista garaikideko teorialaririk esanguratsuenetakoa da. Besteak beste, emakumeen etxeko lanari, komunalismoari eta sorgin-ehizari buruzko lanak argitaratu ditu azken bi hamarkada luzeetan.
Justa Montero Corominas (Bartzelona, 1955) aktibista feminista eta soziala, generoan eta berdintasun-politiketan aditua da. Liga Komunista Iraultzaileko (LCR) buruzagia izan zen Madrilen.
Hainbat gairi buruzko artikulu, argitalpen eta ponentziak idatzi ditu, besteak beste: sexu- eta ugalketa-eskubideak, abortua, indarkeria matxista, prostituzioa, lana; 78ko trantsizioa eta eraketa, krisi demokratikoa; feminismo inklusiborako giltzarriak: sexua, klasea, etnia eta generoa; neoliberalismoaren aurkako erresistentzia feministak.
‘Gogoeta eta eztabaida feminista’-n izena emateko epea, gaurtik martxoaren 27ra arte
Aurten, Gogoeta eta eztabaida feministetan heteroarau literariotik heteroarau gorpuztura izango da hizpide. Uxue Alberdiren Hetero ipuin-liburua izango da haria, Iratxe Retolazak gidatuta.
Hiru saioak apirilaren 2tik maiatzaren 28ra izango dira (azken saioan Alberdi idazlea bertan izango da). Izen-ematea, gaur zabalduko da martxoaren 27ra arte: kulturartekoplazafeminista@hernani.eus edo 943 33 70 17.
Zaintza zerbitzua eskainiko da saioetan.