Tilos 7 Pasa martxoaren 31n hasiko da eta jadanik izena eman daiteke

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 16a, 00:00

Pasa den urtean Ramosek eta San Miguelek irabazi zuten.

Apuntatzeko 615 00 44 69 telefonora idatzi edo deitu behar da eta izena emateko azkenengo eguna martxoaren 28a izango da.

Bueltan da, beste urte batez, Tilos 7 Pasa pala txapelketa herrikoia. Apiriletik ekainera bitarte jokatuko dute, eta pala partiduek hartuko dute Tilosetako frontoia, ia arratsaldero. Aurtengoa 14garren edizioa izango da eta hasiko da martxoko azken egunean, martxoaren 31n astelehenean.

Azkenengo urteetan bezala, lau kategoria izango dira: herrikoia, neskena, lehenengo mailakoa eta bigarren mailakoa. Eta parte hartu nahi duenak, hamabi egun ditu izena emateko, martxoaren 28ra arte baitago epea. 

Horretarako, ondorengo telefono zenbakira deitu edo idatzi behar da: 615 00 44 69. Aurten, izena emateko kuota pasa den urteko berbera izango da. 40 euro ordaindu behar dira bikoteko, eta txapelketako kamixeta jasoko du opari partehartzaile bakoitzak. Dirua lehen partiduan eskura eman beharko da.

 

75 bikoteren langa gainditu nahi da

Pasa den urtean 75 bikotek eman zuten izena, inoiz baino gehiagok, eta aurten langa hori gainditu nahi dute antolatzaileek. 2024an lehenengo mailako garaileak Ramos eta san Miguel izan ziren; finalean, Arizmendiren eta Indaren aurka, 22-9 nagusituta. Nesken mailan, Andreak eta Ixonek 22-15 irabaztea lortu zuten, Sararen eta Haizearen aurka. Txapelketa herrikoian, Oierrek eta Arnaitzek jantzi zuten txapela, Rodriguez eta Del Rio bikotea 22-17 garaituta. 

Azkenik, bigarren mailako txapelketan Aranak eta Luixak erraz menderatu zituzten Zubiria eta Mendigain, 22-5.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!