Beste etxegabetze bat Hernanin

Xabier Agirrezabala Iradi Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea 2025ko mar. 15a, 00:00

Pasa den asteazkenean, martxoaren 5ean, beste etxegabetze bat eman zen Hernanin. Ertzaintzako hainbat agentek osaturiko dispositiboa baliatuz, oinarrizko gauzak hartzeko ia astirik eman gabe kaleratu zuten gizon bat Alokabideren pisu batetik.

Instituzioetatik etxebizitzaren arazoa konpontzeko neurri nagusi moduan etxebizitza publiko gehiago eraikitzea saltzen diguten honetan, pasa den astekoa bezalako gertakariek agerian uzten dituzte haren mugak. Etxebizitza publiko gehiago eraikitzeak ez du arazoaren muinean eragiten: egungo sisteman, etxebizitza merkantzia bat denez, bertarako sarbidea ez dago bermatua baldintza ekonomiko jakin batzuk betetzen ez dituztenentzat.

Etxebizitza publiko gehiago izateak baldintza horiek leuntzea ekar lezake, baina ez du inondik inora bermatuko etxebizitzarako sarbide unibertsala. Nahikoa dirurik ez duenak ez du etxebizitzara sarbiderik izango, ezta publikoak direnetara ere.

Enpresari eta politikari profesionalak proposatzen ari diren gainontzeko neurriek ere, jabeentzako salbuespen fiskaletatik hasi eta alokairua ordaintzeko laguntzetara, ez dute etxebizitzaren merkantzia izaera zalantzan jartzen, eta etxebizitzaren negozioan sakontzen dute.

Horren aurrean, mugimendu indartsu bat antolatzea dagokigu, epe motzean hobekuntza partzialak irabazien kontura izan daitezen borrokatuko duena, eta epe luzeko helburutzat doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den etxebizitza edukiko duena.

Bide horretan, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik manifestazioa deitu dugu datorren apirilaren 5ean Donostian. Bertan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, adi datozen deialdiei!

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!