Energiarekin lotura duten gaiak puri purian daude Urumea bailaran. Azken boladan Aranon proiektatutako makroeolikoaren auziak ekarri du gaia erdigunera, baina beste zenbait ertz ere badaude mahaigainean, eta horietako bat da deshazkundea. Horri buruz hitz egiteko, mahai ingurua antolatu zuen Hernani Burujabek, eta beste behin bete egin zen Sandiusterriko aretoa. Hizketan Jokin Bergara soziologoa eta ekonomia sozialean doktorea eta Aritz Ameztegi Debagoiena 2030eko energia saileko arduraduna aritu ziren, Amagoia Mujika Telleria kazetariak bideratuta.
Gaur egungo egoeraren analisi zorrotza egin zuten bi hizlariek, baikortasun haundirik gabekoa. Bergara izan zen egoeraren diagnostikoa adierazten lehenengoa, une historiko honetara eredu jakin batek ekarri gaituela nabarmenduta: «Azkeneko bi mendeetan erregai fosilen gainean eraiki den eredu sozial eta ekonomiko bat daukagu, haztearen eta abiaduraren ideian oinarritu dena. Orain bidegurutze historiko baten aurrean gaude, pentsatu behar dugulako planetaren mugak gainditzen ari garen honetan nola birbanatu dezakegun aberastasuna materialki gutxiagoruntz joanez». Hain justu, erronka horren aurrean ekiteko sortu zuten Debagoiena 2030 proiektua. Eskualdeko zenbait eragile elkartu ziren «trantsizio sozioekologikoa» nola egin pentsatzeko, eta egun 80 eragile baino gehiago ari dira elkarlanean.
Konponbideak topatzea zaila dela jakin arren, orain arteko kudeaketarekin kritiko agertu zen Bergara: «Ez da bakarrik ezin zaiola orain artekoari eutsi, harago doa. Politika klimatikoak 80. hamarkadan jarri ziren martxan, orduan nik uste dut hasi behar garela onartzen orain arteko ingurumen politikek porrot egin dutela».
Zeintzuk mahai gainean dauden planteamenduak eta konponbideak?
Aipatutako testuinguruaren aurrean, mundu mailan hiru jarrera bereizten direla nabarmendu zuen Bergarak: negazionismoa, hazkunde berdea eta deshazkundea. Bigarren eta hirugarren aukeren artean posizionatzeko «ebidentzia zientifikoari» egin zion erreferentzia soziologoak: «Batzuek diote posible dela kapitalismoaren barruan hazten jarraitzea, baina hazkunde hori deslotzea inpaktu ekologikotik. Ebidentzia zientifikoei erreparatuta, hazkunde berde hori muga ekologikoen barruan sartzeko 200 urte beharko genituzke. Orain urgentziazko momentu batean gaude, 20 urteko epea daukagu emisioak modu erabakigarrian murrizteko. Hori ulertzen badugu, ondorioa da deshazkundea behar dugula».
Planteamendu desberdinei buruz hizketan, inpaktu hori murrizteko mahaigainean dauden aukerak zerrendatu zituen Ameztegik: «Trump, Macron eta tankerako agintariek nuklear txikiak babesten dituzte, oraindik esperimentazio fasean dauden SMR zentralak; beste aukera deshazkundea da, kontsumoa %80 murriztea, ez dakit epe motzera horretarako gai garen; hirugarren aukera berriztagarrien aldeko apustua egitea da, energia hori kanpotik ekarrita; eta laugarren aukera guztien nahasketa bat da, kontsumo ohiturak aldatuta eta sortu daitekeen energia guztia bertan sortuta».
Energia bertan sortzearen ideia makroproiektuekin lotu zuen Bergarak, eta edozein motatako proiektuen aurrean posizionatzeko kontuan hartu beharreko hiru gako aipatu zituen: «Lehenengoa planifikazioa da, jakiteko ea proiektuak erantzuten dion boteretuko gaituen estrategia kolektibo bati; bigarrena jabetza da, ea jabetza publiko komunitarioa izango duen edo etekin enpresariala besterik ez duen atzean; eta hirugarrena langileen eta herritarren parte hartzea da; gure interesak ordezkatuko diren edo ez jakitea».
Txikitik eragitearen garrantzia
Momentu historiko honen gakoa «atzerabueltarik ez dagoela» dela adierazi zuten hizlariek, eta txikitik eragitearen garrantzia aipatu zuten behin baino gehiagotan, nahiz eta «dena ez dagoen herritarren esku».
Bergarak, esaterako, feminismoari egin zion erreferentzia bere nahia adierazteko: «Feminismoak ahal digu irakatsi eguneroko bizitzan hau integratu behar dugula, eta eguneroko jarrera txiki bakoitzak eragina duela». Ameztegik ideia hori borobiltzeko gehitu zuen «ezer ez egitea ez dela aukera bat»: «Orduan, galdetu behar diogu gure buruari zer egin dezakegun».
Garaiz gabiltza?
Etorkizunari buruz galdetuta, ezkor agertu zen Ameztegi, egoera hobetzeko zailtasun asko ikusten baititu: «Baina gure helburua ez da izan behar bakarrik aldaketa klimatikoa etetea, baizik eta gure gizartea hobetzeko pausoak ematea».
Mahai ingurua amaitzeko, krisi honen bidez gizarte eredua aldatzeko aukera aipatu zuen Bergarak: «Sekula baino kontzientzia haundiagoa dago, eta krisi ekologikoak osoko emendakin bat egiten dio kapitalismoari. Kapitalismoa txarra da gure ongizatearentzat eta osasunarentzat, baina oraingoan planetarekin egin du talka. Arrakala hori baliatuta, aukera izan dezakegu beste sistema sozial batera jauzi egiteko. Ez dut uste krisi ekologikoa baino mehatxu haundiagorik izan duenik kapitalismoak».