Hil ala biziko partidua dauka bihar Hernanik etxean, liderraren kontra

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 15a, 00:00

Gogotsu dago Hernaniko mutil seniorren taldea, biharko partiduari begira.

Igoera fasera sailkatuko da Navarvoley 3-0 menderatuta. Bestela, Udaparen emaitzaren araberakoa izango da.

Balentria haundi baten beharrean, baina bizirik iritsi da Hernani, Euskal Ligaren azkeneko jardunaldira, igoera fasera sailkatzeko lehian. Hirugarren dago 56 punturekin, Udapa bigarrenarekin berdinduta, eta Navarvoley (59) lider dela. Bi plaza daude jokoan.

Eta horietako bat lortzeko, Navarvoleyren kontra jokatuko du Hernanik bihar, goizeko 11:00etan hasita, Hernaniko kiroldegian. Litekeena da etxekoek liderra egurtu behar izatea, igoera fasera sailkatzeko: 3-0 irabaziz gero, txarteletako bat eskuratuko dute ziur, Berriozarreko taldeari aurrea hartuta. Baina horrek daukan zailtasuna begibistakoa da.

Gainerakoan, Udapa Jatorkideren emaitzaren araberakoak izango dira Hernaniren aukerak. Gaur arratsaldean jokatuko dute gasteiztarrek, Galdakaoren kantxan. Eta beraz, zehazki zer beharko duten jakinda iritsiko dira hernaniarrak biharko zitara. Sailkapenean berdinduta geratzen diren kasuetan, irabazitako eta galdutako jokoen zatiketak erabakiko ditu postuak.

Hernanik 3-1 irabaziz gero, beharko du Udapak galtzea edo 3-2 irabaztea. Aldiz, hernaniarrak 3-2 gailenduz gero, Udapak galdu egin beharko luke derrigor. Eta azkenik, 2-3 galduta ere aukera minimo bat dauka Hernanik, baina ia ezinezkoa: Udapak 3-0 edo 3-1 galdu beharko luke.

Kontuak kontu, espero izatekoa da Udapak bere partidua irabaziko duela gaur, ligako zortzigarren sailkatua baita Galdakao. Eta pronostikoak betez gero, hiru puntuak eskuratuko dituzte gasteiztarrek, 3-0 edo 3-1 irabazita. Gauzak horrela, litekeena da Hernanik 3-0eko garaipena behar izatea derrigor.

Horretarako, hernaniarren laguntza eskatu dute klubetik: «Ametsa bete dezakegu oraindik, eta asko dago jokoan. Zuen bultzada behar du taldeak, eta animatzera etortzera gonbidatzen zaituztegu! Ziur gaude horrela lortuko dugula garaipena!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!