Astebeteko geldialdiarekin indarrak berrituta eta entrenamenduetan gogor lan eginda, «sentsazio onekin» iritsiko da Hernani, igoera faseko hirugarren partidura. Bihar eguerdiko 13:00etan, jokatuko dute, Landaren, Belenosen kontra.
Garaipena nahi dute trikoloreek, badakitelako funtsezkoa dela etxeko partiduak irabaztea, goiko postuen lehian aritzeko: «Ikusi dugu eliteko ligan lehiatzeko maila badaukagula, eta helburu bezala jarri dugu lehenengo lauen artean sailkatzea, betiere oinak lurrean jarrita, eta jakinda helburu nagusia dela azkenekoak ez izatea», azaldu du Anartz Elosegik. Zentzu horretan, eta aurrenekoen artean sailkatzeko helburuarekin, hernaniarrak dio «oso garrantzitsua» izango dela «etxeko partidu guztiak irabaztea».
Bide horretan, biharkoa dute aurreneko erronka, aurten dagoeneko Landaren bisitari izan duten talde batekin. Lehenengo fasean jokatu zuten elkarren kontra Landaren, urtarrilaren 19an; eta garaipen haundia (55-5) eskuratu zuten orduan, talde asturiarra multzoko lider zela. Jendetza bildu zen orduan Landareko harmailetan, eta sekulako festa bizitu zuten denek, igoera fasera sailkatzeko klabea izan baitzen garaipen hura.
Edonola ere, oraingoan oso bestelako partidua espero du Anartz Elosegik: «Argi daukagu oso partidu zaila izango dela, fase honetako guztiak bezala. Ez da izango lehenengo fasekoa bezalakoa. Gehiago kostako zaigu, baina badakigu nola jokatu behar dugun, eta irabazteko helburuarekin aterako gara zelaira».
Hernaniarrak dio taldea ondo ari dela entrenatzen, eta «gogotsu» dagoela datozen partiduei begira. Gainera, nabarmendu du garrantzitsua izango dela «zaleak Landarera jaistea eta animatzea, laguntza haundia ematen digutelako».
Une honetan, sailkapenean seigarren dago Hernani, partidu bat irabazi eta bestea galduta (aurreneko jardunaldian atseden hartu zuen). Parekotasun haundia dago elite multzoko taldeen artean, eta horren erakusle da talde bakarrak irabazi dituela jokatutako hiru partiduak, Liceo Francesek.