Euskal dantzarien eta zaleen biltoki izango da Hernani, bihar goizean. Biteri kultur etxean egingo dute gazte mailako Hernaniko Aurresku Txapelketa, goizeko 11:00etan hasita; eta doakoa izango da sarrera, bertaratu nahi duten guztientzat.
Aurresku Ligaren laugarren saioa izango da Hernanikoa, eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatu du, Hernaniko Udalaren, Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Zazpi herritako 27 dantzari,
8 eta 13 urte bitartekoak
2012 eta 2017 urteen artean jaiotako dantzariak ariko dira biharko txapelketan, aurten 8-13 urte beteko dituztenak, alegia. Zazpi herritatik etorriko dira Hernanira: Aia, Amasa-Villabona, Errenteria, Legazpi, Legorreta, Leitza eta Lezo. 27 dantzari izango dira guztira, eta bi sailetan banatuta ariko dira, adinaren arabera.
A sailean ariko dira gaztetxoenak, 2015, 2016 eta 2017 urteetan jaiotakoak. 13 dantzari izango dira, eta orden honetan dantzatuko dute: Gorane Villa (Lezo), Hugo Haro (Lezo), Alaia Gomez (Errenteria), Amale Mitxelena (Errenteria), Ane Perez (Lezo), Amire Zabaleta (Lezo), Elene Pikabea (Errenteria), Amaiur Iturbe (Lezo), Jare Urretabizkaia (Errenteria), Laia Illarreta (Legorreta), Aide Maya (Errenteria), Maier Elizondo (Errenteria) eta Noa Zabaleta (Lezo).
B sailean, berriz, 14 dantzari izango dira, 2012, 2013 eta 2014 urteetan jaiotakoak. Orden honetan igoko dira oholtzara: Aitor Saralegi (Leitza), Maren Cerrato (Errenteria), June Osinalde (Legazpi), Ixone Lorenzo (Lezo), Nerea Etxeberria (Amasa-Villabona), Malen Plata (Errenteria), Jannik Narbarte (Errenteria), Nora Escudero (Legazpi), Izadi Arbelaitz (Errenteria), Araitz Mantxola (Legazpi), Xalbat Maya (Errenteria), Paule Bergara (Amasa-Villabona), Noa Lertxundi (Aia) eta Udane Cia (Errenteria).
Sail bakoitzekoek bi dantza eskaini beharko dituzte, eta ezberdinak izango dira bi kasuetan: A sailekoek Puntamotz eta Agurra dantzatuko dituzte; eta B sailekoek, berriz, Erribera eta Legazpiko zortzikoa.
Hiru kidek osatuko dute epaimahaia, dantzarien lana baloratzeko: Jose Luis Vallejok, Katerin Artolak eta Olatz Azkuek.
Bi sari nagusiek, jabe berriak
Partehartzaileen artean ez dira izango joan den urteko bi irabazleak: Nora Lafuente legazpiarrak irabazi zuen A sailean, eta June Aguado amasa-villabonarrak B sailean. Hortaz, jabe berriak izango dituzte aurtengo sari nagusiek. Aldiz, bihar berriro dantzatuko dute iazko A saileko bigarrenak eta hirugarrenak, koxka bat gora egin nahian: Amaiur Iturbe izan zen bigarren, eta Hugo Haro hirugarren.
Hugo Haro, gainera, Oiartzunen irabaztetik dator. Bertan jokatu zuten Aurresku Ligako hirugarren txapelketa, otsailaren 15ean, eta lezotarra izan zen onena A sailean, Gorane Villaren eta Sara Escuderoren aurretik. B sailean Ixone Lorenzok irabazi zuen, Nere Sarasola izan zen bigarren, eta Araitz Berasategi hirugarren.
Horren aurretik, Villabonan egin zuten Aurresku Ligako bigarrena, otsailaren 2an; baina B sailekoak eta D sailekoak (2010 eta 2011 urteetakoak) aritu ziren orduan. Lur Lacasta lezotarrak irabazi zuen B sailean, eta Onditz Esnaola lizartzarrak D sailean.
Urtarrilaren 12an eman zioten hasiera aurtengo Aurresku Ligari, Legazpin, A eta B sailetako dantzariekin. Ane Perez (A saila) eta Lur Lacasta (B saila) izan ziren garaile.