Elikadura burujabetza sustatzen jarraitzeko, Hernaniko nekazarientzako dirulaguntzak emango ditu aurten ere Hernaniko Udalak. 20.000 euro bideratuko ditu tokiko nekazari eta abeltzainen ekoizpena eta banaketa sustatzeko jarduerak laguntzera.
Esaterako, diruz lagunduko diren jarduera eta gastuak izango dira: ekoizpenaren banaketarako baliabideak eskuratzeko inbertsioak; ekoizpen gaitasuna haunditzeko edo hobetzeko inbertsioak (negutegiak, makineria, berotegiak, ureztatze instalazioak, labore mahaiak, teknologia hobekuntzak, aire libreko instalazio finkoak...); tresna, lanabes eta makineria konponketa eta mantenu gastuak; arkitektoen eta ingeniarien ordainsariak; belaunaldi errelebora bideratutako aholkularitza lanak; ekoizpen ekologikoa bultzatzeko egitasmoak edota produktuen kontsumoa bultzatzeko ekintzak.
Eskatzaile bakoitzak gehienez 2.000 euro edo egindako inbertsioaren %75a jasoko du. Ustiaketak Hernanin egon behar du kokatua.
Eskatzaile bakoitzak gehienez 2.000 euro edo egindako inbertsioaren %75a jasoko du. Jatorri izendapena edo ekoizpen ekologiko ziurtagiriaren arloan aritu diren ekoizleek, 41 urtez beherako ekoizleek eta emakume ekoizleek %20 gehiago ere jaso ahal izango dute (gehienez, egindako inbertsioaren %95).
Dirulaguntzak jasotzeko ezinbesteko baldintza da ustiategia Hernanin kokatua egotea eta ekoizle profesionala izatea.
Apirilaren 30a arte, eskaerak egiteko epea
Udalarentzako estrategikoa da lehenengo sektorearen sustapena, Hernaniko herritar guztien ongizatea bermatzeko. «Egun, elikagaien ekoizpena kanpoko logiketan txertatuta dago zeharo, eta horrek egiturazko ondorioak ditu gure lurraldean, dependentzia harremanak sortzen dituelako». Eredu horren alternatiba dira «elikadura subirautza eta tokian tokiko alternatibak eraikitzen dituzten agenteak».
Herriko biztanleek bertako ekoizleen produktuak modu errazean eskuratzea ahalbidetu nahi du Udalak. Apirilaren 30a izango da dirulaguntzak eskatzeko azken eguna, Hernaniko Udalaren webgunetik (www.hernani.eus/eu/dirulaguntzak) edo Herritarren Harrera Zerbitzuan (HHZ). Informazio zehatzagoa nahi duenak ere, webgunean edo HHZn topatuko du.