Asteburu zaila Hernaniko batelentzat, ligaren bigarren erdia hasteko

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 11a, 00:00

Hernaniko neska kadeteen batela, Orion. Argazkia: Jose A. Rodriguez

Onenetatik urrun izan ziren neska kadeteak eta jubenilak, eta puntu garrantzitsuak galdu dituzte.

 

Ez da astebururik onena izan Hernaniko Arraun Elkartearentzat, Gipuzkoako Batel Ligan. Orion aritu ziren larunbatean, ligaren bigarren erdia hasteko; eta onenetatik urrun izan ziren Hernaniko neska kadeteen eta jubenilen batelak, ohi ez bezala. Hori horrela, puntu garrantzitsuak galdu dituzte biek, Gipuzkoako Batel Liga irabazteko lehian.

Neska kadeteak laugarren izan ziren Orion, eta Tolosaldea irabazleak baino 24 segundu gehiago behar izan zituzten estropada osatzeko. Horrela, lidertza galdu dute hernaniarrek, tolosarren mesedetan: 117 punturekin dago lider Tolosaldea, eta 115ekin bigarren Hernani. Bien artekoa izango da garaipenerako lehia, 109 punturekin baitago hirugarren Zumaia.

Neska jubeniletan, berriz, bosgarren sailkatu ziren hernaniarrak, Tolosaldearekin 36 segundu galduta. Azkeneko estropadetan baino haundiagoak izan ziren onenen arteko aldeak, eta bereziki kolpe gogorra jaso zuen Hernanik. Orioko emaitzarekin, asko urrundu zaio Tolosaldea liderra (59 puntu), ligako sailkapenean; eta baita Hibaika bigarrena ere (57). Hernani laugarren dago oraindik, 52 punturekin, San Juanen (54) atzetik.

Neska infantiletan, berriz, bederatzigarren sailkatu zen Hernani Orion; eta mutil jubenilen kategorian 14garren izan zen Hernaniren batel mixtoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!