Igoera faseari ezin hobeto ekin dio Hernaniko Gipuzkoako 2. mailako taldeak. Hiru partidutik hiru irabazi ditu Hernanik, eta puntuak lortzeko sekulako erraztasuna erakutsi dute partiduetan. Larunbateko partidua da azken adibidea; Mondragonen aurka 88-70 irabaztea lortu zuen, norgehiagoka hasieratik amaierara menderatuta.
Lehenengo laurdena erabakigarria izan zen. Hasierako minutuetan lortu zuen Hernanik alderik haundiena, eta 27-19 partziala eskuratu zuten. Hurrengo laurdenak berdinduagoak izan ziren; 46-38 markagailuarekin iritsi zen partidua atsedenaldi luzera, hirugarren laurdenean 19-18 gailendu zen Hernani, eta azkeneko zatian aldea haunditzea lortu zuen etxeko taldeak.
Asteburu honetan garaipena lortzeko beste aukera bat izango du Hernanik. Oraindik partidurik irabazi ez duen Debasket taldearen kantxan arituko da taldea. Irabazten badu, aurrerapauso haundia emango du taldeak igoera lortzeko bidean.
Oraindik lau partidu geratzen dira igoera fasea lortzeko, eta play offak jokatuko dituzte ondoren. Lehenengo lau sailkatuen artean jokatuko dituzte igoerako hiru postuak; finalerdia irabazten duten bi taldeak zuzenean igoko dira, eta beste bi taldeek azken aukera bat izango dute.
Mundarrok porrota, Arrasaten
Gipuzkoako 1go mailan, Mundarroko neskek ezin izan zuten Arrasaten irabazi. Erasoan min egitea asko kostatu zitzaien astigartarrei, eta 46-32 amaitu zen partidua. Asteburuan Oiarso azken sailkatuaren aurka jokatuko du.