Energiari buruzko mahai ingurua antolatu du etzirako Hernani Burujabek

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 10a, 00:00

Azaroan eolikoei buruz egindako mahai inguruko argazkia.

18:30etan izango da mahai ingurua, Sandiusterrin. Energia arloko esperientziak eta desazkundea izango dira hizketaldiko ardatzak.

Energiari buruz hausnartzeko helburuarekin, mahai ingurua antolatu du etzirako Hernani Burujabek. Eolikoei buruzko eztabaida prestatu zuten azaroan, eta oraingoan energia arloko esperientziei eta desazkundeari buruz hitz egingo dute.

Horretarako, Sandiusterriko aretoan hizketan arituko dira Jokin Bergara soziologoa eta ekonomia sozialean doktorea, eta Aritz Ameztegi Debagoiena 2030eko energia saileko arduraduna. Mahai ingurua dinamizatzeko ardura Amagoia Mujika Telleria kazetariarena izango da.

Hernani Burujabetik adierazi dute Urumea bailaran eraiki nahi dituzten parke eolikoen testuinguruan antolatu dutela etziko jarduera: «Eolikoen proiektu hauen aurrean 'horrela ez' diogu, planifikazio egokirik gabe eta herritarren bizkarrera egindako proiektuak direlako. Bestalde, krisi energetikoa gainean dugu eta neurriak hartu beharko ditugu».

Asteazken arratsaldean (18:30), hortaz, ondorengo galderak erantzuten saiatuko dira hizlariak: Nola egin trantsizio ekosoziala eskualdetik? Desazkundea aukera bat da ala hartu beharreko erabakia?

Hernani Burujabek herritar guztiei egin die parte hartzeko gonbidapena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!