Estu joan dira kontuak Berria Txapelketan, eta txanponaren ifrentzua egokitu zaie Paulo eta Aitor Aiestaran anaiei. Lehenengo partidua irabazi arren, larunbateko emaitzarekin finalerdietatik kanpo geratu dira tanteoagatik.
Lehenengo setean ikusi ziren alde haundienak. Goikoetxea VI.a nagusi izan zen atzeko koadroetan, eta 5 tanto egin zituen sakez. 15-6 amaitu zen seta. Bigarrenean Aiestaran VII.a indarberrituta atera zen kantxara, eta 8 tanto egitera iritsi zen, akatsik egin gabe. Hala ere, ez zen nahikoa izan hirugarren setera iristeko. Goikoetxea V. erraz aritu zen aurrean, eta bigarren partziala ere gorriek eraman zuten: 15-9.
Gauzak horrela, Berria Txapelketako B multzoan berdinduta geratu dira hiru bikoteak. Tanteoagatik Goikoetxeatarrek eta Gurrutxagak eta Eskuderok osatutako bikoteak egingo dute aurrera.