304.846 euro erreklamatuko ditu Francisco B.F. langileak epaitegian

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 7a, 00:00

Orbegozon egin zuen lan 1977tik eta 2017an biriketako minbizia diagnostikatu zioten, urte luzez amiantoarenpean lan egin ondoren.

 

Astelehenean, 10:30etan, Donostiako Lan Arloko 4 zenbakiko Epaitegian, Francisco B.F. langileak demanda aurkeztuko du 304 mila euro erreklamatzen. 1977ko urtarrilean hasi zen lanean Orbegozon labezain, eta, ondoren, lantegia itxi ondoren, 1997ra arte Sidenor Vitoria lantegian aritu zen lanean istripu bat izan zuen arte. Gaur egun, biriketako minbiziak jota, 304.846 euroko erreklamatzen dizkie Cofivacasari eta Sidenor-i, desagertutako Acenor-en ondorengo enpresa gisa.

2017an, Franciscori biriketako kartzinoma epidermoidea diagnostikatu zioten Coria Hiriko Ospitalean. 2022ko uztailaren 8an, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak epaia eman zuen, eta baietsi egin zuen jarritako errekurtsoa, lanbide-gaixotasunaren kontingentziatzat hartu baitzuen Francisco BFri diagnostikatutako biriketako minbizia.

Francisco Acenor S.A. enpresan laminazio atalean egon zen, batez ere barrak berotzeko labean, eta amiantoarekin zuzeneko zein zeharkako kontaktua izatea eragin zuen. Hala, langilea labezain gisa aritu zen Stein labean (hasieran fuel-olioa eta geroago gasa), totxoa berotzeko. Labe horietan, amiantoa isolatzaile gisa erabiltzen zen, baita ateak zigilatzeko eta mahuka elektrikoak eta arrabolen junturak babesteko ere. Ijezketako langileek amiantozko xafla bat jartzen zuten kabinako lurrean, trenaren tenperatura altuetatik isolatzeko. 

 

Epaitegi aurrean kontzentrazioa, astelehenean

Asviamie 10:00etan, ordu erdiz, astelehenean bilduko da epaitegian demandari laguntzeko, enpresetan substantzia kantzerigenoei aurre egiteko prebentzio haundiagoa eskatzeko eta gobernuak konpentsazio funtsarekin duen konpromisoa bete dezan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!