Euskal Herriko Bilgune Feministak deituta, Iratxe Sorzabali elkartasuna adierazteko eta haren kontrako auzibideak salatzeko elkarretaratze bat egin zuten Kulturateko Plaza Feministan. Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari dira Sorzabal, eta epaimahaiaren aurrean eman du inkomunikazio aldian jasandako torturen berri.
«Euskal Herriko Bilgune Feministatik, gure elkartasun eta babes osoa adierazten diogu Iratxe Sorzabal Diazi. Izan ere, orain edukitzen ari den epaiketetan epailearen aurrean kontatu beharko du berriro ere inkomunikatuta egon zen bost egunetan bizi izandakoa».
Kulturarteko Plaza Feministan bildu ziren tortura jasan izan duten hainbat emakume baita Euskal Herriko Bilgune Feministako eta Euskal Herriko Gazte Feministen Sareko kideak. Adierazpena amaitu zuten elkartasuna adieraziz: «Iratxe, guk sinesten dizugu! Gaur hemen bildu gara hainbat emakume torturatu, Euskal Herriko Bilgune Feminista eta Euskal Herriko Gazte Feministen Sarea eta aurrerantzean ere elkarlanean jarraituko dugu torturak jasan dituzten euskal emakume militanteen erreparazio osoaren alde. Justizia, memoria, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak».
«Tortura erabili da tresna gisa»
Tortura, emakumeak partaidetza soziopolitikotik aldentzeko tresna gisa erabiltzen dela azpimarratu dute Bilgune Feministatik. «Ezker independentismoan emakumeek konpromiso politikoa hartu dute eta partaidetza hori espezifikoki eta bereziki zigortua izan da emakume militanteen kasuan. Ez soilik iraganean, egun ere hala izaten jarraitzen du. Ikusi besterik ez dago pasa den astean Sandra Barrenetxearekin gertatutakoa; partaidetza politikoa ukatzen jarraitu nahi dute batzuek».
Agerraldian gaineratu dute: «Tortura politiko sexualak jasan dituzten emakumeak eta hauen egoerak aintzat hartu behar dira bakearen eta justiziaren aldeko borrokan. Bada, ezinbestekoa da mugimendu feministak auzia mahaigaineratzea memoria historiko kolektibo baten aldeko bidean eta Euskal Herriaren eraikuntzan, gaurtik hasi eta etorkizunera begira. Memoria ariketa egitea orainari eta etorkizunari begiratzea ere badelako. Gaur, inoiz baino gehiago, konpromisoa hartu behar dugu egiaren, justiziaren eta erreparazioaren alde borrokan jarraitzeko».
Amaitzeko leloa oihukatu zuten, «Minak eta egiak aitortuz, feminismotik herria osatu!» eta txalo zaparrada luzea entzun zen Kulturarteko Plaza feministan.