Ahoz Aho jaialdia gaur hasiko da

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 7a, 00:00

Kanadako Bercers le Tempsek Hernanira 'Lulling Time' proiektua ekarriko dute.

Haur eta helduentzako ipuin-kontaketak eta mundu osoko sehaska-kantak entzuteko aukera ekarriko du nazioarteko jaialdiak.

 

Ahoz Aho, nazioarteko ahozkotasun jaialdia izango da aurten ere Hernanin. Euskal Herriko zein nazioarteko ipuin-kontalariak entzuteko aukera paregabea da Ahoz Aho, Hernaniko udal liburutegiaren eta Intujai Teatroren elkarlanari esker gauzatzen dena.

Aurten Hernanin hiru ipuin kontaketa izango dira. Lehenengo saioa helduentzako izango da, gaur 19:00etan, liburutegian. Carles Garcia Domingo ipuin-kontalari errioxarra izango da gidaria (gazteleraz).

Hurrengo bi saioak haurrentzako izango dira. Liburutegitik atera, eta Antziola eta Zikuñaga auzoetara bidaiatuko dute ipuinek. Lehenengo saioa martxoaren 14an izango da,
Antziolan, 17:30etan, auzo elkartean. Bi kontalari izango dira: Eneko Haritza (euskeraz) eta Quico Cadaval galiziarra (gazteleraz).

Zikuñagako saioa, aldiz, apirilaren 3an izango da, 17:30etan, eskola zaharreko frontoian. Orduan ere bi ipuin-kontalari ariko dira kontu-kontari: Ixabel Agirresarobe (euskeraz) eta Zoa Tamara Cuellar nikaraguarra (gazteleraz).

 

‘Lulling time’, hango eta hemengo sehaska kantak entzuteko aukera

Akaso, aurtengo Ahoz Ahoko ekimen bereziena Kanadako Bercers le Tempsek Hernanira ekarriko duen Lulling Time proiektua izango da.

Bercers le Temps taldea bere furgonetarekin izango dugu gurean apirilaren 4an eta 5ean. Zortzi kulunkatzaile jarriko dituzte eta kasko batzuen bidez, mundu zabaleko sehaska-kantak entzuteko aukera izango dugu. 85 hizkuntza baino gehiagotan bildu dituzte kantak, tartean, euskaraz ere bai.

Lehenengo egunean, Hernaniko Plaza Berrin egongo dira (16:00-21:00) eta 5ean, berriz, Chillida Lekun (11:00-17:00; egun horretan, hernaniarrek sarrera dohainik izango dute).
Edozein momentutan hurbildu eta entzun ahal izango dira sehaska-kantak. Baten bat animatzen bada, furgonetan berak dakien sehaska-kantaren bat grabatzeko aukera ere izango du.
Ondoren, ekainera arte kulunkatzaile bat udal liburutegian egongo da, entzungaiekin batera. Beraz, sehaska-kantak entzuten jarraitzeko aukera izango dute hernaniarrek.

Bercers le Temps taldea mundu zabalean barrena ibiltzen da, hango eta hemengo sehaska-kantak biltzen. Horiek grabatu eta beste txokoetara eramaten dizute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!